Amilburuko tunelean bideozaintza ipiniko dute aurten

Anboto 2014ko maiatzaren 13a

Iurretako Udalak ia 5.300.000 euroko aurrekontuak onartu ditu, EAJ eta PSE-EEren botoekin. Bildu abstenitu egin da eta PPk kontra bozkatu du. Iazko baino %1.97 txikiagoa da aurtengo aurrekontua baina inbertsioetarako 74.000 euro gehiago izango ditu udalak. Besteak beste, Maiztegin leihoak aldatzen hasteko 50.000 euro gorde dituzte, eta Amilburuko tunelean bideozaintza ipintzeko 18.000 euro.

 

5.286.460 euroko aurrekontua onartu du Iurretako Udalak. Iaz baino gutxiago izan arten, Iñaki Totorikaguena alkateak nabarmendu duenez, egoera finantzarioa saneatzen dabil udala: "Iaz mailegu batzuk amortizatu genuen eta gero eta zor gutxiago daukagu". %3.26koa da udalaren zorpetze-maila, eta hori horrela izanda, uda aurretik beste inbertsio batzuk planteatu ahal izango dituzte, soberakineko dirua erabilita. Oraingoz, gizarte-ekintzarako aurrekontuen ia erdia bideratuko dute, eta 527.000 euro erabiliko dituzte inbertsioetarako.

Inbertsioen artean, nobedadeetako bat Amilburuko tunelean bideozaintza ipintzea izango da. "Herriko puntu beltzetako bat" da Amilburukoa Totorikaguenaren berbetan: "Zorionez ez da ezer pasatu baina segurtasun aldetik ingurune hori hobetzeko kamarak ipiniko ditugu". Udaltzainak izango dira kamara horien arduradunak. Bilduko Zorion Agirrezabalen berbetan, "sistema egokiagorik ote dagoen aztertu beharko genuke". Nabarmendu du udaltzainek ez dutela gauez lan egiten: "Gaua bada momentu kritikoa, kamarak ipintzea ez da beharrizanetara egokitzen". Segurtasun metodoak hobeto aztertu beharko lirateke.

Bildu abstenitu egin da, aurkeztu dituzten zazpi emendakinetik bi onartu dituztelako. Onartu ez dituzten emendakinen artean, alkatearen soldata eta zinegotzien dietak bajatzea egon da. Iazko proposamenetik ordea, batzuk onartu dira aurten; idazkari albokoaren postua lanpostu zerrendatik kentzea esaterako. Elizaldeko etxeen beheko solairuetan udal lokalak egokitzeko eskaria ere egin zuen iaz Bilduk. Udalak hainbat metro karratu ditu bertan, eta lokal horiek apurka-apurka herritarren esku ipintzeko beharra nabarmendu dute Bilduk eta PSE-EEk. Aurten, komuna ipintzeko 5.000 euro gorde dituzte.

 

Etxegabetzeen kontrako protokoloa

PSE-EEko Marian Muñoz zinegotziak nabarmendu du austeritateagatik ezin izan dela gauza berririk egin; "egoera ikusita, zerbitzuetan murrizketarik ego ez dadin ahaleginak egin ditugu guk". Gizarte arloko gaietan, etxegabetzeei aurre egiteko protokolo bat adostea proposatu dute sozialistek. Larrialdi egoeratako gizarte laguntzetan baldintza gehiegi eskatzen dira PSE-EEren ustez, eta horrek laguntza "behar besteko urgentziagaz eta arintasunagaz ez ematea ekartzen du". 

 

Interbentore falta, arazo

Aurrekontuekin kritikoen PPko Nacho Toca agertu da. Kontra bozkatu du. Kalkulu erroreak aipatu ditu, tartean, aurrekontuak maiatzean eztabaidatzea kritikatu du alderdi popularreko zinegotziak. "Urtarriletik dirua gastatzen ibili gara, gobernu taldeak aurrekontuetan onartuko genuela aurresuposatutakoak". Eztabaida maiatzean egitearen atzean, udaletxean kontu-hartzaile edo interbentore faltak eragina daukala aipatu du Iñaki Totorikaguenak; "urte hasierarako prest egon dira, baina prozedura atzeratu egin da horregatik".

PPk udaletxearen funtzionamendua "oso garestia" dela aipatu du: "Diru sarreren ehun eurotik 84 udaletxeak pertsiana irekitzeko erabiltzen dira". Alkateak erantzun dio aurrekontuen ia erdia gizarte-ekintzara bideratu dutela: "Elkarteen diru-laguntzetatik zaborraren bilketara, hainbat zerbitzutara bideratzen da diru hori. Udal baten ekintzak ez dira inbertsioetara bakarrik mugatzen. Pertsiana igotzea bera oso garrantzitsua da".

Udalkutxara bideratu beharreko diruari buruz, errorea egon dela nabarmendu du PPk: "Aurreikusitako kantitate bat ipini dute zirriborroan, Bizkaiko Foru Aldundian kantitate zehatza dagoen artean; kalkuluak txarto egin eta gero dirua bueltatu beharrean ibiliko gara". 

 

Inbertsio nagusiak:

  • Maspetik Bixente Kapanagarako pasabidea konpontzea: 60.000 euro
  • Maiztegin leihoak aldatzea: 50.000 euro
  • Adinekoentzako suteen prebentziorako zerbitzua: 22.000 euro
  • Aparkalekuen antolaketa berria ezartzea: 20.000 euro
  • Santa Mañako baseliza eta lurrak erostea: 20.000 euro
  • Amilburuko lurpeko pasabiderako bideozaintza zerbitzua: 18.000 euro
  • Olaburuko frontoiko komunkak konpontzea: 18.000 euro
  • Baserrien geoseinalizazioa: 13.000 euro

 


 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!