Iurretarrek erdigunean aparkatu ahal izateko aldaketak planteatuko ditu udalak

Anboto 2014ko maiatzaren 6a

Mugikortasun azterketa batetik abiatuta, herrigunean aldaketa batzuk egiteko asmoa agertu du Iurretako Udalak: Bertakoentzat gordetako aparkalekuak eta Askondo kaleko zati bat trafikora ixtea daude proposamenen artean. Maiatzaren 14an eta 27an parte hartze foroak egingo dituzte, herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzeko.

 

Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez, aparkalekua eta trafikoa ordenatzeko neurriak hartu beharra ikusi dute udal arduradunek: "Daukagun espazio mugatuan Iurretatik kanpoko jende askok uzten du kotxea, eta Iurretarrek lehentasuna izatea gura dugu". Tellituko aparkalekua, esaterako, beti beteta egoten den leku bat da, eta mugikortasun azterketan ikusi dutenez, egunez, hamar autotik sei Iurretatik kanpokoak izaten dira  –gauez hamarretik sei dira Iurretakoak–. Bada, prestatu duten proposamenean, aparkaleku hori Iurretakoentzako bakarrik izatea planteatu dute. Erdigunean bizi diren iurretarrek txartel bat atera beharko lukete, eta Tellituko aparkalekuaz gain, Zubiaurren eta Bidebarrietan aparkatzeko lekuak ere eurentzako gordeta egongo lirateke.

Horrez gainera, herri barruko trafiko asko aparkaleku bila dabilen jendeak sortzen duela ikusi dute. Erdia inguruk ordu erdi baino gutxiago egiten du gero, Iurretako erdigunean aparkatuta. Erosketak eta tramiteak egitera datoz asko, eta horientzako, gehienez ordu eta erdi uzteko 45 plaza atonduko dituzte Askondo kalean, eta Bidebarrietan, udal bulegoetatik Correoserako tartean. Parkimetro bat egongo litzateke tiketak ateratzeko, eta aparkatzea doakoa izango litzateke. 

Maspeko aparkalekuak, Paduretako parkinga eta Ibarretxekoak libre eta doakoak izaten jarraituko lukete.

 

Iurreta, errepide nagusirako laburbide

Trafiko fluxuari dagokionez, jende askok Iurretako herrigunea errepide nagusira joateko laburbide moduan erabiltzen duela ikusi dute mugikortasun azterketan. Durangotik irteteko, gasolindegiraino joan ordez, Askondoko biribilgunetik egiten dute askok laburbidea: Bertatik pasatzen diren autoen % 85 ez dira Iurretatik abiatzen. Egoera hori gainditzeko, Askondo kalea, Bidebarrietarako noranzkoan autoentzat zarratzea eta oinezkoentzat jartzea planteatu dute, Dantzari plazagaz bat eginda.

 

Proposamen irekia

Proposamena oraindik zarratu barik dagoela, eta herritarren iritzia jakin gura dutela azaldu du Iñaki Totorikaguena alkateak. Horretarako, maiatzaren 14an eta 27an foroak egingo dituzte, proposamenaren berri eman eta iurretarren ekarpenak jasotzeko. Foroak Ibarretxe kultur etxean izango dira, 19:00etan hasita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!