Gaur, 13:15 inguruan, Iurretako Askondo kaleko zebrabidea gurutzatzen zebilen emakume bat harrapatu du auto batek. Jazoera bertatik bertara ikusi duen herritar baten esanetan, “autoak emakumea mokorrean jo eta aidean bota du”. Ertzaintza eta anbulantzia berehala bertaratu dira. Emakumea kontziente zegoen anbulantziara sartu duten unean. Artatu duten lagunen esanetan, hainbat kolpe ditu, buruan ere bai, baina ez du ematen ezer larririk duenik. Dena dela, azterketa oso bat egin arte ezin dela erabateko diagnostikorik eman azaldu dute. Emakumea Galdakaoko ospitalera eraman dute eta han egingo dizkiote azterketa guztiak.