Momentu honetan hutsik dago idazkari albokoaren postua, leku-aldatzea eskatu duelako. Egoera hau "planteamendua aztertzeko egokia" dela ikusi du gobernu taldeak, eta osoko bilkuran aho batez onartu dute idazkari albokoaren plaza kentzea. 2008an sortu zen lanpostu hori, eta ordutik oposizioko kideek sarritan eskatu dute kentzea, beharrezkoa ez zela iritzita.
Idazkariaren alboko lanpostua 2008an sortu zuen Iurretako Udalak. Momentu hartan idazkari postua zeukan langilea udaletik kanpo zegoen, eta bere ordezkoa zebilen idazkari lanetan. 2011n, plazaren jabea udaletxera itzultzean, praktikan bete zen idazkari albokoaren postua, idazkaria ordezkatzen zebilen langilea postu horretan ipinita. 2011tik hona postu bi horiek egon dira udaletxean, eta Iñaki Totorikaguena alkatearen berbetan, "alde handia" egon da pertsona bat egotetik bi pertsona egotera: "Zoritxarrez, bajak tartean izan dira eta biak batera urtebete eta erdi baino ez dira egon, baina tarte horretan asko aurreratu zen udaleko funtzionamenduan". Idazkariaren behean beste postu bat behar dela eta administrazio teknikari bat hartzearen aukera aipatu du alkateak.
Bilduko zinegotziek ez daukate hain argi hori: "Ia funtzio berak eduki dituzte, bikoizketa bat egon da lanpostuan", esan du Mikel Zenikaonandia zinegotziak. Iñaki Totorikaguena alkateak nabarmendu duenez, idazkaria eta idazkari albokoa ez dira gauza bera egiten egon eta "udaletxeko lanpostuak defendatzea" izan da gobernu taldearen nahia; "zuek langile bat kaleratzea gura zenuten". Bilduko zinegotziek azpimarratu gura izan dute eurek ez direla langilearen kontra egon "plazaren kontra baizik". Langile berak beste posturen bat betetzeko aukera ere egon da tartean, eta horren kontra ez daudela azaldu dute Bilduko zinegotziek.
Interbentzioan, langile falta
Iurretako Udalean kontu-hartzaile edo interbentore postua hutsik dagoela, eta hori arazo handia dela aipatu dute eguazteneko osoko bilkuraren ostean: "Gauza asko atzeratu egiten dira kontu-hartzaile barik, aurrekontuen prozesua, esaterako". Postu hori betetzea, ordea, ez dago udalaren esku. Lanpostu horrek izaera berezia dauka, gaikuntza nazionaleko funtzionarioa da, udaletxeko idazkaria bezala. Kontua da plaza horien konkurtsoa foru aldundiak kaleratzen duela urtean birritan, eta momentuz ez dela inor agertu konkurtsoko baldintzak bete eta Iurretako kontu-hartzaile izateko. Behin-behineko kontratuagaz teknikari bat lortzeko aukera aztertu behar dela aipatu dute.