Orobiogoitiako instalazioak herrira zabalduko dituzte

Anboto 2014ko api. 30a, 12:00

Iñaki Totorikaguena alkatea eta Jokin Rodrigez de la Fuente Orobiogoitiako zuzendaria.
Iurretarrek ikastetxeko kirol instalazioak eta areto nagusia erabili ahalko dituzte.

 

Maiztegi eskolako instalazioekin batera, “Iurretako parkea balitz moduan”, Juan Orobiogoitiako bi saskibaloi kantxak eta arteo-futbol zelaia herrira zabalik egongo dira aurrerantzean. Udalak eta Juan Orobiogoitia ikastetxeak lankidetza hitzarmena sinatu dute, eskolaz kanpoko orduetan instalazioak herritarren esku egon daitezen. Kanpoko instalazioez gainera, ikastetxeko kiroldegia, areto nagusia eta gelak ere herritarren esku egongo dira.


Aretoa eta gelak erabili ahal izateko eskari orriak bete beharko dira, eta kanpoko instalazioetan ibiltzea, berriz, librea izango da. Espazioa zabalik uztearen truke, Iurretako Udalak 500 euroko kanona ordainduko dio ikastetxeari, eta mantentze lanak eta euren gastuak bere gain hartuko ditu udalak. Kanpoko instalazioei dagokienez, udaltzainek zabaldu eta itxiko dituzte ateak. Aste barruan, eskolak amaitzerakoan, 20:00ak arte egongo dira zabalik, eta asteburuetan 10:00etatik 20:00etara.


Iñaki Totorikaguena alkateak eta Jokin Rodrigez de la Fuente Orobiogoitiako zuzendariak sinatu dute hitzarmena. Alkateak esan duenez, "gaur egun herrian dauden eskariei aurre egiteko garrantzitsua" da hitzarmena. Gogoratu du udalak 12.000 euroko dirulaguntza ematen duela iurretarrek beste herri batzuetako instalazioetara joateko. Rodrigez de la Fuentek mantenu lanak udalaren esku daudela nabarmendu du; "hori orain arte modu informalean egin da, fabore bat bezala, eta garrantzitsua da idatziz paperean geratzea".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!