Ondarruko Zapato Azulen antzera, Oromiñon aurten Bariku Azule edukiko dute. Gaur urdinez janzteko deia egin du jai batzordeak, San Marko jaien lehenengo egunean. 12:00etan meza eduki dute, eta ondoren herri bazkaria. Arratsalderako, briska txapelketa eta igel txapelketa dauzkate.
Bihar arratsaldean, Maiztegi herri eskolako umeek dantza erakustaldia egingo dute 17:00etan, eta ostean ume jolasak eta ekitaldia edukiko dituzte. Tortila txapelketa eta afariaren ostean Luhartz taldeagaz erromeria edukiko dute, eta gauerdi ingururako sorpresa bat prestatu dutela azaldu dute.
Domekan eguerdi partean meza eta Mikel Deuna dantza taldearen erakustaldia edukiko dituzte. Txakolin dastaketa ere bai. Arratsaldean asto probak egongo dira 18:00etatik aurrera. Jaiei amaiera emateko, errifa zozkatu eta Donien Atxa bajatuko dute.