Bost urteko epean egin beharko dituzte etxeak Fundiguelen lehengo lurretan

Anboto 2014ko api. 8a, 09:19
Lurzoruko kutsadura kendu eta eraikuntza lanak egiteko epe hori adostu dute hitzarmen bidez. Fundizioa egon zen leku horretan 84 etxebizitza eraikitzeko egitasmoa dago. Iurretako Udalak lurren % 15a izango du, baina oraindik ez dute erabaki lur hori zertarako erabiliko den.

 

Gailur Alde enpresa etxegilea eta Belacortu familia dira lurren jabeak. Hitzarmen bidez, Iurretako Udalari lurren % 15 eman die, metro karratutan eta 152.607 euro ordainduta. Legez horrela egitera behartuta daude lurjabeak. Proiektuan dauden 84 etxebizitzen urbanizazio lanez gainera, udalak, orain bereak diren lurretan hamar etxebizitza eraikitzeko lekua izango luke, baina oraindik ez dute erabaki lur horiek zertarako erabiliko dituzten. 

Gaur goizeko osoko bilkuran onartu dute hitzarmena Iurretako Udalean. Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez, "udalarentzako garrantzitsua da dagoeneko eraikitze epe bat edukitzea, eta baita lur patrimonioa ere".

 

Paduretako lanak

Maspeko aparkalekuko etxebizitzen proiektuari dagokionez, Ura agentziaren baimenaren zain daude udal arduradunak. Totorikaguenak udarako baimen horren berri izatea espero du. Lurrak erreka alboan daudenez, urbanizazio lanak hasteko derrigorrezkoa da Uraen baimena. Behin baimen hori edukita urbanizazio proiektua behin betiko onartu beharko litzateke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!