Orobiogoitiako ikasleek Bartzelonan aurkeztuko dute ingurugiroari buruzko euren hausnarketa

Anboto 2014ko apirilaren 7a

Juan Orobiogoitiako ikasleak Busturian egindako aurkezpenean.
"Planeta zaindu dezagun" mundu mailako gazteen programan parte hartzen dabiltza DBH 3ko ikasleak. Ikastetxean uraren kutsadura murrizteko eta ingurumena zaintzeko hainbat ekintza egin dituzte, eta Bizkaia mailako jardunaldietan, Bartzelonan egingo den jardunaldira joateko txartela lortu dute.

 

Ingurugiroa zaintzeko, ikastetxeko txorrotetan bridak ipini dituzte, sarrerako monitorean ikusteko bideo bat sortu dute, eta Iurretatik zehar kontzientziaziorako kartelak ere ipini dituzte. CONFINT programaren baitan, lanketa egin dute Juan Orobiogoitiako DBH 3ko ikasleek, eta Busturian eurek egindakoaren berri eman eta gero, azaroan Bartzelonan egingo duten jardunaldian parte hartuko dute.

CONFINT ingurugiroagaz lotutako nazioarteko programa bat da eta bere leloa "Planeta zaindu dezagun" da. Ikastetxeen barnean lanketa egin eta gero, eskualdeka egiten dituzte jardunaldiak, eta gero, aukeratutako batzuk estatu mailako jardunaldian parte hartzen dute –aurten, Bartzelonan izango da jardunaldi hori–. Haren ostean, Europa mailako jardunaldia egingo da Bruselan, eta mundu mailakoa Rio de Janeiron izango da. 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!