Gurutze Gorriaren lana zabalduko dute azukre zorro bidez

Anboto 2014ko mar. 26a, 13:07
Iñaki Irusta euskal Gurutze Gorriko presidentea, Laura Liaño Cafés Baquéko marketing arduraduna eta Javier Zarraga Bizkaiko Gurutze Gorriko presidentea, hitzarmena sinatzen.
Cafés Baquégaz hitzarmena sinatu du Gurutze Gorriak; 3 milioi azukre zorrotan Gurutze Gorriari buruzko mezuak ipiniko dituzte. Elkarteak egiten dituen ekimenak eta boluntariotzarako deiak dira mezuetan agertzen direnak.

 

Hamar mezu desberdin dauzkate azukre zorro bereziek. "Elkarteak egiten duen lana herritarrengana gerturatzeko bide bat" dela nabarmendu du Iñaki Irusta euskal Gurutze Gorriko presidenteak: "Ilusionagarria da gure berri ematea Baqué bezalako betiko famili enpresa baten bidez".

"Krisia jasaten duten pertsonei erantzunak emanez", "Itsasoan bizitza babesteko lanean diharduz Itsas Salbamenduaren Programaren bitartez". Horiek mezuetako bi dira. Irustak nabarmendu duenez, errepidetako lanaz gainera, Gurutze Gorriak alor askotan egiten du lan, eta behar hori komunikatzeko balioko dute azukre  zorroetako mezuek. "Gizarteak eskatzen duenari erantzun guran" dabil Gurutze Gorria, Irustaren berbetan. Boluntarioek, esaterako, pertsona nagusiei medikuarenera laguntzen eta telefonoz deituta botiken jarraipena egiten ere egiten dute lan. Bizkaian 2.800 boluntario dauzka Gurutze Gorriak.

Laura Liañok, Cafés Baquéren izenean, azaldu du "zuzeneko inpaktua" duen bidea dela azukre zorroen: "Jendeak ikusi egiten du, eta beti geratzen da mezuagaz". Kafe enpresak horrelako ekimenekin "pertsonetatik gertuago" egoteko gogoa ere erakusten duela esan du Liañok. Baquéren gizarte ardura korporatiboaren baitan dagoela ekimena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!