Bete egin dira Kimuak elkarteko hiru udalekuak

Anboto 2014ko mar. 18a, 13:09
Udalekuetako baten, udaleku finko ibiltarian, bikoiztu egin dute parte hartzeko aukera, baina hori ere bete da. Kimuak aisialdi elkartetik azaldu dutenez, itxaron-zerrendetan ere jende asko dago.

 

Udalekuen eskuorria eskolan banandu zutenetik, ahoz-aho ibili da egunotan udalekuetan izena emateko epea hasi dela. Arrakasta izan dute udalekuek. Kimuak aisialdi elkartekoek azaldu dutenez, prestatutako hiru udalekuak bete egin dira.

Jende askok deitzen zuela ikusita, udalekuetako baten, erdiko adin-tartean, zabaldu egin zuten parte-hartzaile kopurua. 50entzat izatetik 120 gaztetxorentzako moldatu dute, baina zabalduta ere, bete dela azaldu du Liher Aiartzaguena Kimuak elkarteko kideak: "Kalean oraindik ez dugu kartelik ipini eta dena bete zaigu". Itxaron-zerrendetan ere jende asko dago honezkero, eta ez dute jende berria hartzen. 

Azken urteetan legez, hiru adin-tarterako antolatu ditu udalekuak Kimuak aisialdi elkarteak. Gazteenak, 7-10 urte bitartekoak, Larraulera joango dira uztailaren hasieran. 11 eta 14 urte bitartekoentzako udaleku finko ibiltaria antolatu dute Asteasu eta Hondarribi artean. 15 eta 17 urte bitartekoak, berriz, Itzaltzu eta Zarautz artean egingo dute udaleku ibiltaria.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!