Orain arte lez, udala lur horren mantenuaren kargu egingo da denbora horretan, eta, Iñaki Totorikaguena alkateak argitu duenez, Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) kargu egingo da; hori 400-500 euro artean izaten da, Bilduk galdetuta alkateak udalbatzarrean argitu moduan. Dena den, lur hori garatzeko urbanizazio lanak hasteko aukera egonez gero, jabe den enpresaren esku geratuko da.
Herrigunean atondutako aparkalekuan 75 autorentzat dago lekua eta beteta egoten da. 2007an lotu zuten akordioa udalak eta ugazabek, eta, 2009an, bost urterako luzatu zuten hitzarmena. Oraingo honetan beste lau urterako luzatu dute.
Udaletxeko langileen lan hitzarmena
Bestalde, langile publikoen lan-hitzarmena ere onartu du udalbatzarrak. Funtzionario zein langile lan-kontratudunei eragingo die hitzarmen horrek. Aho batez onartu zuten azken udalbatzarrean.