Espetxe politika "bidegabea" desagertzeko eskatuz adierazpen instituzionala onartu dute

Anboto 2014ko martxoaren 1a

"Guztien giza eskubideak, eta, bake eta bizikidetza egonkorra" defendatu, eta "espetxe politikaren salbuespen egoeragaz amaitzea" aldarrikatzen duen adierazpen insitituzionala onartu dute EAJk eta Bilduk. Biek adostuta aurkeztutako idatzian Arkaitz Bellon preso elorriarraren senideekiko elkartasuna ere jaso du. PSE-EEk kontra bozkatu du.

 

Espetxe politikaren "salbuespen egoera" hori beti izan dela "bidegabea" azaldu dute adierazpenean, "eta gure herrian zabaldu den errealitate berrian berau mantentzea erabat zentzugabea eta onartezina bihurtzen" da, gaineratu dute moduan.

Iñaki Totorikaguena alkate jeltzaleak azaldu duenez, "ETA desegitea eta armagabetzea behar da, eta, sortutako kaltea aitortzea ere bai; baina, bake politikak garatu behar dira egoera aldatu egin da-eta, zorionez". Ildo horretan, esan du "iraganeko bideak garatu guran tematuta" daudela batzuk. Bilduk ere nabarmendu du espetxe politika "bidegabea" dela. Bilduko Zorion Agirrezabalen berbetan, "alderdi batzuek mendekuaren bidea aukeratu dute espetxe politika honekin". Azpimarratu du "iraganeko berrazterketa kritiko bat egin behar dela, baina, orainean".

 Adierazpen instituzionalak jaso moduan Arkaitz Bellonen senideekiko elkartasuna azaldu gura izan du PSE-EEk ere. Hala ere,  "ETAk armak utzi balitu eta behin betiko desegin" ez litzatekela horrelakorik gertatuko gaineratu dute. Mª Angeles Muñoz sozialistaren berbetan, "ETAk talde terrorista izaten jarraitzen du eta denon ahaleginak elkartu behar ditugu horrekin bukatzeko". Nabarmendu du "egindako kaltearen berrazterketa kritikoa" egin behar dela; " biolentziari zilegitasuna kenduta beti ere, egin behar da aurrera". Epai judizialekin "errespetutsua" dela beti adierazi du eta preso guztiek, indibidualki, aukera izan dutela gerturatzeko, "legeak ematen die aukera hori". 'Via Nanclares' deritzona aipatu du.

Muñozek dioenez, "denok tematzen gara bide baten, eta, mozioek ez garamatzate inora. Batzuk gauza baten alde egiten dute eta besteek bestearen alde".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!