Medicus Mundik medikuekin zerikusia duen GKE bat dela eman dezake, baina zerbait zabalagoa da, ezta?
Hori da. Orain dela 47 urte sortu zuten medikuek; orain denetarik dago. Osasun arloan lan egiten dugu, baina modu zabalean. Adibidez, ura, saneamendua, osasun sexual eta erreproduktiboa lantzen ditugu, eta hezitzaileak, injineruak, medikuak... denetarik dago. Azkenean, bizitza hobetzea da helburua, osasun arloa hobetuta. Pentsatu ohi da Afrikan edo Hego Amerikan jendea gaixotasun arraroen ondorioz hiltzen dela, baina beherakoagaz ere hiltzen da jendea. Hemen, txorrota zabaldu, eta ur edangarria eta kalitatezkoa daukagu; ez gara konturatzen zelako zortea daukagun. Horrek ez dauka preziorik. Hiltzen den jende asko eta asko uraren kalitate txarragatik hiltzen da.
Afrikan eta Erdialdeko Amerikan dauzkazue lankidetza proiektuak.
Bai. Afrikan, Ruandan eta Kongon, eta, Erdialdeko Amerikan, Hondurasen eta Guatemalan. Normalean prozesu luzeko proiektuak izaten dira. Ez dugu larrialdietan lan egiten. Beno, Mitch urakana izan zenean han egon ginen, eta lan egin genuen, baina ez gara gai, adibidez, ospitale bat 48 orduan muntatzeko.
Hemen ere egiten duzue sentsibilizazio lana.
Gure ustez, bi gauza daude hor. Hegoaldearekin lan egin behar da euren egoera aldatzeko, baina hemen ez badugu gure pentsamoldea aldatzen, alferrik da. Azken finean, Afrika eta Hego Amerika dauden moduan daude, gure biltegiak izan direlako urte luzez. Kongo, adibidez, oso-oso herri aberatsa da, baina miseria hutsean bizi da. Bertan ateratzen den guztia Europara joaten da. Han dago koltan minerala, mugikorraren txipak egiteko, eta diamanteak ere badaude. Hemen ez badugu pentsameoldea aldatzen, jai daukagu.
Sexu eta ugalketa osasunaren arloa asko lantzen duzue, ezta?
Bai, batez ere Erdialdeko Amerikan. Han asko dira nerabeen arteko haurdunaldiak, eta laster Guatemalan ikerketa bat hasiko dugu horren gainean. 12-13 urteko neskatilak haurdun egoten dira, askotan intzestuagatik. Arazo handia dago familietan; matxismoa edo familia barruko indarkeria handia da. Gainera, inpunitate handia dago. Iaz, Guatemalan 1.000 emakume hil baziren, kondenatuak lau izan dira. Nuevos Horizontes elkartearekin egiten dugu lan, aterpetxeetan babesa emateko. Hondurasen ere beste aterpetxe bat daukagu. Horra beste mota bateko indarkeria heltzen da, emakumeek, gizonek, eta, batez ere, nerabeek sufritutakoa: indarkeria sinbolikoa. Komunikabideetako mezuak, estereotipoak, edertasun kanonak... Horren gainean ikerketa oso interesgarria egin dugu. Harrituta geratu nintzen; orain dela 25 urteko estereotipoak daudela ikusi dugu.
Egungo egoera ekonomikoak zelan eragin dio lankidetzari?
Oso txarto. Lankidetza sektorean diru-laguntza guztiak jausi dira. Politikariek oso ondo egin dute zera esanda: “Zelan lagunduko diegu Afrika edo Erdialdeko Amerikako pobreei, hemen ere pobreak badauzkagu?”. Hori ez da horrela. Aurrekontuak beste ikuspegi bategaz prestatuta, dirua atera daiteke. Pobreak pobreen kontra jartzen dituzte. Lankidetza sektorea momentu gogorrak bizi ditu, eta proiektu asko desagertu egin dira. Eusko Jaurlaritzak orain dela lau urte 50 milioi bideratzen zituen lankidetzara, eta orain 10 milioi inguru. Hemen ere laguntza behar da, horrekin ados gaude. Lankidetza munduan lanean gabiltzanok urte askoan entzun dugu “ez dezagun arraina eman, arraina jasotzeko kanabera baino”. Erakundeek ez dute bestelakorik finantzatu hegoaldean, eta, orain, hemen egiten dabiltzan bakarra hori da. Nik uste dut jantoki sozialak egon behar direla hemen, baina horri beste plan batzuekin laguntzen ez bazaio, jendeari lana emanda, adibidez, ez dugu ezer lortuko. Kanpora bideratu behar izan denean erraz esan dute, “ez eman jatekorik”. Baina Afrikan jan barik ezin da lanik egin.
Guatemalan eta El Salvadorren izan zara abenduan. Zer moduz?
Ondo. Guatemala aurrerantz doan herrialde bat da. Proiektuak astiro-astiro aurrera doaz. El Salvador itzela da gizarteari eta herri mugimenduei dagokienez; Erdialdeko Amerikan orokorrean ikusi daiteke hori. Indarra eta aurrera egiteko gogoa daukate, hemen geroago eta gutxiago daukaguna. Gizarte partaidetzaren inguruan inbidia pixka bat pasatzen dut Erdialdeko Amerikan.