Smurfitek geratu egin du 15 milioi euroko inbertsioa

Anboto 2014ko otsailaren 12a

Smurfit Kappa Nervionek iragarri du Iurretako paper fabrikan egin behar zuen 15 milioi euroko inbertsioa geratu duela. Irlandako multinazionalak lantegi horretan paper-pastaren ekoizpena %20 handitzeko asmoa zuen. Baina, ez du egingo Espainiako Gobernuak argindar kogeneraziorako diru-laguntzak bertan behera utzi dituelako.

 

Smurfit enpresak ohartarazi du oso eragin txarra izango duela horrek enpleguan; Iurretako lantegian eta hori hornitzen duen basogintzan edo industria osagarrian.

Espainiako Industria ministroak bultzatutako  erreforma elektrikoak %22 gutxitu ditu urte hasieratik kogenerazioari emandako laguntzak. Horri gehitu behar zaizkio otsailaren hasieran proposatutakoak.

Urtean 120.000 metro kubiko egur gehiago erreta Iurretako lantegiko ekoizpena %20 handitzea zen asmoa. Prozesuak sortutako hondakina, sektorean ‘likore beltza’ deitzen zaiona, erregai gisa baliatu gura zuten 2012an irekitako argindar kogenerazio plantan (20 milioi euroko inbertsioa eskatu zuen). Orain planta osoaren iraupena dago auzitan, laguntza publikorik gabe argindarra ekoiztea errentagarria ez dela kalkulatu du-eta enpresak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!