Udaltzainen aparteko orduak betetzeko lan poltsa ez erabiltzea kritikatu du Bilduk

Anboto 2014ko urtarrilaren 29a

2013ko ohiko jardueratik kanpo egindako orduengatik udaltzain biri eskersaria ordaintzea onartu du udalbatzarrak. Sanmigeletan eta abuztuan egindako aparteko orduengatik, guztira, 1.642 euro inguru ordainduko ditu udalak. Bilduk erabaki hori kritikatu du, aparteko orduak egitearen kongtra daudela arrazoituta: "Lan-poltsa be sortu zen horretarako. Gainera, bigarren aukera bat be ez da aztertu: egun libreak ematea".

 

2013ko jardueran ohiz kanpoko zerbitzuak betetzeagatik 1.010 euro ordainduko zaizkio udaltzainetariko bateri; besteari 632 euro. EAJk eta PSE-EEk ordainketa hori egitearen aldeko botoa eman zuten azken udalbatzarrean. Bilduk, berriz, kontra bozkatu zuen.

Bilduko ordezkari Zorion Agirrezabalen berbetan, "badago lan poltsa bat, hala ere, hori ez erabiltzea eta ohiko kanpoko orduetan aritzea erabaki zen. Aparteko orduak betetzearen kontrakoak gara; gainera, horretarako sortu zen lan-poltsa". Lan-poltsa hori ez erabiltzeak udalari kostu bat ekarriko diola gaineratu zuen: "Aholkularitza kontratatu behar izan dugu eta egindako txosten baten arabera betetako aparteko ordu bakoitzeko ordu t'erdi ordaindu beharko ditugu".

 

Ildo horretan, Bilduk azaldu du aparteko jarduera egun libreak emanez konpentsatzeko aukera ere badagoela, eta horiek betetzeko lan poltsara jotzea. "Baina, aukera hori be ez da kontutan hartu".

 

Elkarkidetza

Bestalde, Elkarkidetzari dagokion ekarpen ekonomikoa berriro be ordaintzea onartu zuen udalbatzarrak ahobatez. 2012ko apirilean Elkarkidetzari egindako ekarpena ekonomikoa "zuhurtziaz indargabe uztea" erabaki zuen udalbatzak. Orain, ordezkari sindikalek 2014ko urtarrilaren 1eko eraginekin Elkarkidetzari erakundearen aldeko zatia ordaintzea eskatu dute eta onartu egin dute,.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!