Erabiltzaile txartel berria, Taxi-auzunerako

Anboto 2014ko urt. 9a, 11:00
Urtarrilaren 31ra bitartean berriztu ahal izango dute euren txartela Taxi-auzunearen erabiltzaileek

Otsailetik aurrera txartel berria beharko dute Taxi-auzunea zerbitzua erabiltzen duten iurretarrek. Horrela jakinarazi dute udal arduradunek. Horren haritik, azaldu dute, zerbitzu horren erabiltzaileek urtarrilaren 31ra bitartean dutela aukera txartela berrizteko. Otsailaren 1etik aurrera Iurretako Udalak emandako erabiltzaile txartel berria aurkeztu beharko zaio taxi gidariari.

Astelehenetik zapatura bitartean eskaintzen dute Iurretan Taxi-auzune zerbitzua. Barikura bitartean honako ordutegi honetan: 07:30etik 20:00etara. Zapatuetan, berriz, 09:00etatik 14:00etara mugatzen da zerbitzua. Bidaiaren prezioa bi eurokoa da. 

 

Bost urte zerbitzuagaz

2009an ipini zuen martxan auzuneetako taxi egitasmoa Iurretako Udalak, hiriguneko zerbitzuak baserri guneetara hurbiltzeko eta norberaren ibilgailua “modu arrazional batean erabiltzeko” helburuagaz. Horrela azaldu du Iñaki Totorikaguena alkateak, helarazitako ohar baten bitartez. 

Azken urte honetan 2.810 bidaia egin ditu Taxi-auzunea zerbitzuak; hilero 255 bidaia, batez beste (11 hilabetean). “Orain dela bost urte aitzindari izan zen zerbitzu horrek herritarren artean arrakasta izaten jarraitzen duela esan genezake”, azaldu du Totorikaguenak. Eta, gaineratu duenez, “Iurretako edozein bizilaguni hirigunetik baserri guneetara, edo alderantziz, taxi bidez joateko aukera ematen dion zerbitzu horrek jarraipen luzea izango du; beti ere, herritar guztien onurarako bada, momentu honetan izaten ari den bezala”.

 
 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!