Uralde hortz-klinikak irabazi du V. Enpresa Proiektuen Lehiaketa

Anboto 2013ko abe. 11a, 08:30
Begoña Zubimendik bultzatutako hortz-klinika urtarrilean zabaldu gura dute

Begoña Zubimendik bultzatutako hortz-klinika urtarrilean zabaldu gura dute.

 

Begoña Zubimendik bultzatuta, Uralde kalean zabalduko duten hortz-klinikak irabazi du Iurretako V. Enpresa Proiektuen Lehiaketa. Urtarrilean zabaldu gura du klinika Durangon bizi den 30 urteko donostiarrak. Urte askoan Madrilen lanean egon ondoren, “etxerako bidean Iurretan hortz-klinika jartzea” pentsatu zuen. Oso pozik jaso du 6.000 euroko saria Zubimendik: “Gazteak gara, eta diru asko da hori. Hasteko gogoz nago”.

 

\"\"

 

Orain arte, inorentzat lanean aritu da Zubimendi: “Orain, nire kabuz jarduteko aukera sortu zait, eta saiatu egin nahi dut”. Asteon, oroigarria eta sariaren %20 jaso du, zabaltzeko baimena lortzerakoan emango diote beste %50a, eta hortik urtebetera gainerako %30a. Ahal den neurrian euren negozio proiektua Iurretan kokatu gura duten ekintzaileei laguntzea du helburu Enpresa Proiektuen Lehiaketak, Iñaki Totorikaguena alkateak esan duenez; “bai eta hirigunea birgaitzeko ahaleginarekin jarraitzea ere, dauden lokal hutsak betez”.

 

“Hutsune bat beteko du”

Lau egitasmo aurkeztu dituzte aurten, eta kanpoan geratu dira bi, baldintzak ez betetzeagatik. “Herriko premiak egokien betetzen dituena” izan ei da Zubimendirena. “Bete barik zegoen hutsunea beteko du”, Iurretako lehen hortz-klinika izango baita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!