Azoka solidarioa antolatuko dute abenduaren 16tik 19ra bitartean, Anderebide emakume elkarteak eta Iurretako Udalak antolatuta. "Prezio herrikoiak" jarriko dituzte lehenengo biderrez antolatu duten azoka horretan, eta batutako dirua JAED elkarteari emango diote.
Anderebideko Ana Mari Urkidik emakumeek bizi duten egoera azpimarratu du: "Danori eragiten digu krisi egoera honek eta bereziki emakumeei. Munduan pobrezian bizi diren 1.200 milloi pertsonen %70a emakumeak dira. Ezkutarazi egin den arazo bat da; ez da genero ikuspegia erabili inoiz, eta pentsionistek, alargunek eta jubilatuek egoera benetan latza bizi dute". Merkatu horren bitartez "ekarpen txikia" egin gura izan dute, "bizi duten egoeratik irtetzeko protagonista bihurtu diren emakume horiei laguntzeko".
Herritarrei eta merkatari eta ostalariei eskatu diete laguntza merkatua antolatzeko: "Herritar eta gurasoak salgai jarri daitezken objektuekin laguntzera gonbidatu ditugu. Merkatari eta ostalariei, berriz, euren establezimenduekin zerikusia duten gai edo jakiekin. Horretara, dastaketa eskainiko diegu hurreratzen diren herritar guztiei", azaldu du Urkidik.
Jostailuak, liburuak, apaingarriak, musika KDak.... erabili barik eta egoera onean dauen objektuak bildu gura dituzte. Gaur hasi eta abenduaren 10era bitartean jasoko dira, Ibarretxe kultur etxean 09:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 20:00etara. "Prezio herrikoietan" salduko dira guztiak eta lortutako dirua JAED elkarteari emango zaio; saldu ez direnak ere emango zaizkio JAEDeri premia duten familien artean banatzeko.
Otzara zotz egingo dute
Zarate-Elexpe enpresaren kolaborazio berezia ere izan dute. Horren bitartez, otzara zotz egingo dute merkatu solidarioan hamar eurotik gorako erosketa egiten dutenen artean. Zozketa abenduaren 24an egingo dute. Olentzerori ongietorria emateko ekitaldia aprobetxatuko dute horretarako; orduantxe emango diote txekea ere JAEDeri.
Udal arduradunek azaldu dutenez, "premina gehien duten pertsonei laguntzea ez eze, adinari egokitutako jostailuak prezio onean eskaintzea du helburu ekimenak. Inor ez daiten geratu jsotailurik gabe". Ildo horretan, diotenez, "eskoletan ere, ikasleekin, ez dutenentzat ematen jakin behar dela lantzea oso interesgarria da ". Datu zehatzik ez dute udal arduradunek, hala ere, nabarmendu dute gizarte zerbitzuetara hurreratzen den herritarren artean horrenbesteko altua direla emakumeak: "Desegituratutako familiak, arazoak dituzten familiak... dira. Askotariko arrazoiak egon daitezke, baina, emakumea izan ohi da familiaren pisua daroana".
Azoka solidarioak erantzun ona izatea espero dute antolatzaileek. Eta deia berezi egin diete herritarrei eskola materiala kontutan har dezaten: "Badaude oinarrizko behar batzuk eta horretariko materiala falta bada egindako ekarpen ekonomikoekin erosiko dugu".