Hogei urte eman zituen Sopelana iurretarrak Las Vueltas herrian kooperatzen.
Begoña Sopelana (Iurreta, 1980-1999) aintzidaria izan zen kooperazioan. El Salvadorren eman zituen 20 urteek aztarna sakona utzi dute Las Vueltas herriko bizilagunen artean. Rosa Cándida Alas de Menjívar herri horretako alkatea Euskal Herrian da egunotan. Sopelanak irakurtzen eta idazten irakatsi zion. “Emakume eta alkate moduan herrian dudan lidergoa Begoñak ereindako haziaren fruitua da”. Emozio handiz etorri dira Iurretara, haren familia eta hilobia ezagutzera. Bere herria Begoñaren lanari esker eraiki dela dio alkateak. Miresmen eta maitasun hitzak ditu Sopelana gogora ekartzean. “12 urteko gerra amaitu zenean, errefuxiatuak herrira itzuli zirenean, aingeru bat lez agertu zen Begoña”. Herria berreraikitzen iurretarrak paper garrantzitsua jokatu zuen. Emakume borrokalari eta ausartaren irudia gordetzen dute salvadortarrek. Gazteenek ere Begoña Sopelanari buruz berba egiten entzun dute.
Analfabetismorik gabe
2012ko azaroaren 14an Las Vueltas analfabetismo bako herri aldarrikatu zuten. Deklarazio horri Begoña Sopelanaren izena jarri zioten. Egun hura topaketa masiboa izan zen. Sopelanarekin batera, Paquito Arriaran, Jon Cortina, Ellakuria eta beste euskal herritar batzuek El Salvadorreko herritarrekin izan duten konpromisoa nabarmendu du Las Vueltasko alkateak.
Memoria historikoaren inguruko ekimenak martxan jarri dituzte Las Vueltasen. Interpretazio zentro bat duen kultur etxea zabaldu gura dute, Begoña Sopelana eta Paquito Arriarani monumentu bana eraiki gura dizkiete, eta ibilbide turistikoak martxan jartzeko asmoa dute.