"Guk baino komunitate ikuspegi gehiago dute Sacabamban"

Anboto 2013ko urr. 14a, 08:20
Sanmigeletako bigarren astebururako heldu da Jon Badiola Euskal Herrira. Bolivian, Cochabamba departamenduko Sacabamba herrian ibili da kooperante, hiru hilabetez. Egonaldi horretan asko ikasi duela azaldu du nutrizionista iurretarrak

Sanmigeletako bigarren astebururako heldu da Jon Badiola Euskal Herrira. Bolivian, Cochabamba departamenduko Sacabamba herrian ibili da kooperante, hiru hilabetez. Egonaldi horretan asko ikasi duela azaldu du nutrizionista iurretarrak.

 

Zein izan da zure lana Sacabamban? \"\"

Beka batekin joan naiz, Eusko Jaurlaritzaren gazteen lankidetza programagaz. Boliviako Cipca Gobernuz Kanpoko Erakundeagaz ibili naiz. Eurek nekazarien bizimodua hobetzeko ikerketak egiten dituzte, eta nutrizionista lanetan aritu naiz. Horrez gainera, ahal nuen guztian laguntzen nuen.

 

Elikadura arloan, zer landu duzu?

Sacabamban arazoa dute uragaz. Euri gutxi egiten du, eta egiten duenean denbora gutxian asko egiten du. Gure putzuen antzeko egiturak dituzte, eta ura urte osorako heldu dadin saiatzen dira. Cipcan uraren erabilera eraginkorra izateko lanketa egiten dute. Berotegi batzuk ere ipini dituzte, eta han sartzen dituzten produktu batzuk nekazariek ez dituzte ezagutzen. Produktu berri horien azalpenak egitea zen nire beharra; adibidez, osasunerako zer onura daukaten, edo propietateak dietan zelan sartu ahal diren azaldu nien. Dieta batzuk egin genituen, eta sukaldaritza praktika batzuk ere bai.

 

Gabeziak al dituzte euren dietan?

Eurak oso ohituta daude patata, artoa eta garia jatera. Hori da euren dietaren oinarria. Fruta eta barazkiak bitaminak eta mineralak dira, eta igartzen da gutxi hartzen dituztela. Osasunerako eta umeentzako zelako garrantzia duten azaldu diegu hitzaldietan. Euren betiko jakiekin jarraituko dute, baina produktu berri batzuk ere sartu ditzakete. Errazen produzitzen dituzten produktuek, edo lurrera ondoen egokitzen direnek jarraitu egingo dute. Hango klima nahiko gogorra da, eta goizean leia egoten da. Frutarbolak-eta hondatu egingo lituzke, eta horregatik dute garrantzia berotegiek.

 

Nekazariek zelan hartu dituzte produktu berriak?

Ondo. Azkenean eurek ez dituzte ezagutzen, eta ezezaguna den guztia nobedadea da. Auzokideengana joaten dira, eta ortuan zer irten zaien ikusten dute, eta galdezka hasten dira: ea zelan ipini dituzten, ea zelan sukaldatu dituzten... nobedadea da.

 

Ez da erraza izango ohiturak aldatzea...

Gaitza da, baina gustatzen zaizkie gauza berriak. Adibidez, freskagarriak egin genituen. Ur asko ez dagoenez, irakin egin behar da, eta ezer barik irakin beharrean, erremolatxagaz freskagarri batzuk egin genituen. Asko gustatu zitzaien.

 

Zuk ere ikasiko zenuen...

Pilo bat! Hango errezeta piloa dauzkat! Lehenengo, hara heldu nintzenean berbak ikasten egon nintzen, janariek beste izen batzuk dituztelako. Arbeja ilarrak dira, zapaio kalabaza da, durazno melokotoiak, mani kakahueteak... Ezagutzen ez nituen berba piloa ikasi behar izan nituen. Gero, produktu batzuk ez nituen ezagutzen, kinoa, adibidez, eta eurek janaria zelan prestatzen duten ere azaldu zidaten. Trukea egon da. Orain, hemen ahalegindu behar naiz han egiten zituzten zopa batzuk, eta bestelako janariak sukaldatzen.

 

Ur falta da euren arazo nagusienetakoa?

Familia bakoitzak bere putzua dauka, batzuk handiagoak dira, beste batzuk txikiagoak, batzuetatik ura filtratu egiten zen... Hor hobekuntza batzuk egin dituzte. Igartzen da ura daukanak ortua hobeto daukala, eta fruta gehiago lortzeko aukera... Komunitatean guztia euren artean banatzeko ohitura handia daukate, eta gehiago daukanak ez daukanari ura pasatzen dio. Guk baino komunitate ikuspegi handiagoa dute. Mila batzar eta mila eztabaida egiten dituzte, eta horrek laguntzen diete adostasun minimo batera heltzen. Eta, udaletxera joan behar badute, sindikatu edo talde moduan joaten dira.

 

Zelako hartuemana izan duzu boliviarrekin?

Oso ona. Oso zabalak dira, eta espainiarrekiko oso ikuspegi ona dute. “Los colonos, los invasores” esaten badute ere, oso hartueman ona daukate, eta oso erraza da eurekin berba egitea. Batzuek familiakoren bat edo ezagunen bat daukate hemen, eta interesa daukate jakiteko hemen zelan bizi garen.

 

Hizkuntzarekin arazorik?

Egon nintzen herrian, Sacabamban, kitxua egiten dute berba, eta orduan hartuemana gaitzagoa zen. Bazekiten gaztelaniaz, baina gure gaztelania eta eurena oso desberdina da, eta hitzaldietan berba egiten nuenean, beti zegoen baten bat itzultzen. Eurek, gainera, asko eskertzen dute kitxuaz ahalegina egitea. Nik berbaren bat ikasi dut. Tratuan oso ondo, hala ere. Hori bai, gizonak andreak baino zabalagoak ziren. Ez dakit sukaldea euren eremua delako-edo, baina pixka bat isilago zeuden. Edozein modutan ere, ondo. Eskertzen zuten informazioa, eta harritu egiten ziren: Gizon bat sukaldean!

 

Ama lurra garrantzitsua da kitxuentzat.

Bai, Pachamama. Jainkosa bat da haientzat. Asko baloratzen dute. Edozer gauza egiten duzunean, beti dago Pachamamari aipamenen bat. Gero kontraesanean erortzen dira, gauza asko botatzen dituzte-eta lurrera, agian, ez direlako kontziente Pachamama beraiek zikintzen dutela. Euren diskurtsoan oso presente dago lurra. Guk hori galdu egin dugu, eta tristea da. Berriro hasi beharko ginateke lurra zaintzen, bestela jai daukagu!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!