Oiz mendiko basoa biziberritu dute, suteetatik babesteko

Anboto 2013ko urr. 1a, 11:30

Basoa biziberritzeko, gizarte bazterkeria arriskuan dauden zazpi lagunek egin dute behar; Bizkaiko Foru Aldundiaren eta La Caixaren arteko hitzarmen batek ahalbidetu du ekimena

Basoa biziberritzeko, gizarte bazterkeria arriskuan dauden zazpi lagunek egin dute behar; Bizkaiko Foru Aldundiaren eta La Caixaren arteko hitzarmen batek ahalbidetu du ekimena.

 

Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak eta La Caixako Gizarte Ekintzak Oiz mendiko basoa biziberritzeko lanen bigarren fasea amaitu dute udan. Horretarako, gizarte bazterkeria arriskuan dauden zazpi pertsonari eman diete lana. Bi erakundeek 2006tik daukaten lankidetza hitzarmenaren barruan sartu da proiektua. Berrizko ingurua lehengoratzeko bigarren fase horrekin jarraipena eman diote 2011n hasitako lanari, eta egitasmoa amaitu da horrela. Helburu argia izan du: suteen aurkako prebentzioa.

 

Ametzak landatu dituzte

Lehenengo fasean, mendiaren 50 hektarearen perimetro-itxiera egin zen, belar-sastrakak garbitu ziren, eta basoberritze partziala egin zen ametzekin. Bigarren fase honetan, gainerako azalera osoa basoberritu da, 45 eta 50 hektarea artean, eta babes-itxiturak ezarri dira.

 

Basalan Foru Sozietate Publikoaren ardura izan da lan horietarako gizarte bazterkeria arriskuan dauden pertsonak hartzea. Azaldu dutenez, zazpi lagun izan dira, gehienak 30 urtetik gorako helduak, eta menpekotasunen kontrako ohiko programetatik etorriak. Baina, egon da 30 urtetik beherako gazterik ere, prestakuntza baxuagaz, eta aldundiaren tutoretzapean egon dena.

 

Ekimenaren balioaz

Nekazaritza Saileko diputatuak, Irene Pardok, balioa eman dio aldundiaren eta La Caixaren arteko hitzarmenari. “Bizkaian degradatuta egon diren eremuak basoberritzen lagundu du hitzarmenak”, adierazi du Pardok. Eremu gehienak suteen ondorioz kaltetuta egon dira. Beharginei etorkizunerako aukera bat eman dietela ere uste du: “Lan hori gizarte bazterkeria arriskuan egon diren pertsonek egin dute; honelako proiektuen bitartez, lan-merkatura sartzeko aukera izango dute”. Helburu bi dauzka egitasmoak, eta norabide hori ere ondo baloratu du Pardok: “Arrazoi bikoitzagatik nago pozik, zeregin sentikor eta garrantzitsuak betetzen dituelako, eta lan hori lankidetzaren bitartez egiten dugulako”.

 

La Caixako lurralde zuzendari Juan Pedro Badiolak hartutako konpromisoaz berba egin du: “Aurten hitzarmen hau berrizteak, argi eta garbi erakusten du bi erakundeok bazterkeria arriskuan dauden kolektiboak laneratzeko, eta natur guneak hobetu eta kontserbatzeko konpromisoa berresten dugula”. Aurten 400.000 euro gizarte ekintzetan inbertituko ei ditu banketxeak.

 

Azkeneko sei urteetan 33 proiektu garatu dituzte hitzarmenari esker, eta 128 lagunek egin dute lan proiektu horietan. Aurten, Oiz mendiko basoan egindakoaz gainera, beste zazpi egitasmo eroan dituzte aurrera, eta bultzatzaileek azaldutakoaren arabera, gehienak basoak berritzeko lanak izan dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!