Domingero Eguna eta gala afaria San Migeletako nobedade nagusiak

Anboto 2013ko ira. 17a, 15:47
Urriaren 4an, barikuan, dotore jantzita gala afarian bilduko dira iurretarrak. Zapatuan, berriz, Domingero Egunean, bakoitzak bere erara prestatuko du bazkaria, eta originalenek saria izango dute

Urriaren 4an, barikuan, dotore jantzita gala afarian bilduko dira iurretarrak. Zapatuan, berriz, Domingero Egunean, bakoitzak bere erara prestatuko du bazkaria, eta originalenek saria izango dute

 

Ohitura zaharrak urteroko nobedadeekin uztartu ditu aurten ere San Migeletako jai batzordeak. Irailaren 27an, barikuan, rock kontzertuagaz -Krome, Tributo to Extremoduro, Itziarren Semeak eta Arcada Sozial- motorrak berotuko dituzten arren, jaien hasiera ofiziala irailaren 28an, zapatuan, izango da. Montoitik txapligoak jaurtiko dituzte eguerdian, eta, ondoren, dultzaineroek alaituko dute kalejira. Arratsaldean, ohiturazko Donien-atxa jasoko dute, eta haren inguruan dantzariek azken entsegua egingo dute. Luhartz taldearen erromeriagaz goizeko ordu txikietara helduko dira.

 

Jai batzordeko kideek jaien aurkezpenean azaldu dutenez, nesken dantza taldeak orain arte arratsaldez egiten zuen dantzan, eta aurten, goizean eta kalejiran ere parte hartuko du. Gaineratu dutenez, “urte askoan buruan izan dugun asmoa izan da, eta aurten parte hartzea erabaki dugu”. Jai batzordeak nesken taldeari beste emanaldietan ere dantzan egiteko deia egin dio. San Migel eguna domeka denez, iurretarrek astelehenera pasatu dute jaieguna. Kalean giroa sortu guran, eguerdian, Iurretako koroa kantuz kantuko kalejiran irtengo da. Arratsaldean, berriz, Maiztegi eskolako umeek dantza erakustaldia eskainiko dute.

 

Mozorro Eguna orain gala

 

Azken urteotan Mozorro Eguna antolatu izan dute urriko lehenengo zapatuan, Iurretan. Aurten, egun hori barikura pasatzea erabaki dute, eta bazkaria beharrean afaria prestatuko dute. Ez da edozelango afaria izango, baina. Gala afari horretara dotore jantzita joan beharko dira, eta photocall-a eta beste hainbat sorpresa gehiago egongo dela aurreratu dute. Eguraldia lagun badute, plazan mahai biribilak jarrita batuko dira. Bestela, frontoian elkartuko dira. Bakarrizketak eta erromeriak girotuko du afalostea.

 

Domingero Eguna

 

Jaietako beste berrikuntzetako bat Domingero Eguna da. Umeen Egunagaz bat eginez, “domingero” jantzita joateko dei egin du jai batzordeak. Bazkaritarako janaria eraman, eta egun-pasa egitea da asmoa. Gainera, tortilla txapelketa ere antolatuko dute eguerdian. Umeen Eguna denez, umeen parkea eta puzgarria egongo dira egun osoan. Koadrila originalenari saria emango diote. Eguna biribiltzeko, punta-puntako bertsolariak gonbidatu dituzte: Susatrai Colina, Unai Iturriaga, Amets Arzalluz, Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Igor Elortza. Miren Amuriza izango dute gai-jartzaile.

 

Mus txapelketa

 

Iurretako tabernen artean mus txapelketa antolatzea erabaki dute. Kanporaketak tabernetan antolatu dituzte, eta finala elizpean izango da, San Migel egunez.

 

 

Ahari Iurreta bertan behera

 

Irailaren 22an ospatzekoa zen XXVI. Ahari Iurreta bizikleta ibilaldia bertan behera gelditu da aurten. Iurreta Txirrindulari Elkarteko kideen esanetan, irailaren 22an ospatzekoa zen, baina “Bizkaiko trafiko ordezkaritzak ez du baimenik eman egun horretarako”. Prentsa oharrean diotenez, “Ertzaintzak ezin diezaioke estaldurarik eman gure martxari”. Komunikazio hori Iurreta Txirrindulari Elkartekook irailean jaso dugu, nahiz eta, Bizkaiko Federazioko webgunean urte hasieratik Ahari Iurreta ibilaldia data horietarako iragarri eta onartua izan.

 

Errespetu eske

 

Antolatzaileen berbetan, “jaietan jarrera txarrik ez dugu onartuko”. Joan zen urtean Elizaldeko etxebizitza berrien arkupeetan gertatutakoa gogora ekarri du jai batzordeak. Botiloia egiten zebiltzan gazte batzuek, beheko solairuko ateak apurtu -udalaren lokalak dira- eta makina bat apurtu zuten: “Jaien antolatzaileok jaiez gozatu gura dugu, eta ez dugu horrelako jokabiderik onartuko”, gehitu dute. Aurtengo egitaraua prestatzeko 45.000 euroko aurrekontua izan du. Udalak 23.000 euroko diru-laguntza eman du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!