Goiuriko betelekuaren auzia epaileek “argitzea” gura du Bilduk

Anboto 2013ko uzt. 12a, 08:54

Bilduk dio baimen sektorial guztiak eduki barik eman zuela lizentzia udalak. Iñaki Tororikaguena alkate jeltzaleak, berriz, bere eskumenaren araberako baimenak eman dituztela dio

Bilduk dio baimen sektorial guztiak eduki barik eman zuela lizentzia udalak. Iñaki Tororikaguena alkate jeltzaleak, berriz, bere eskumenaren araberako baimenak eman dituztela dio.

 

Baimen sektorial guztiak eduki barik eman zuen udalak 2010ean Lukupeko Troka eta Luku-Txiki ibarbideak lurrez betetzeko jarduera eta obra lizentzia. Bilduk salatu duenez, eskatutako bost baimenetatik bi baino ez ditu onartu Foru Aldundiko Garraio Sailak: 2005ean, Goiuriko bidean behin-behineko obra sarbidea egiteko eta, 2011n, lurren lerradura eusteko proiekturako, “beste jardueratara zabalgarria ez dena”. 2005eko foru araua ere aipatu dute: “Horrelako kamioi trafikoagaz, Goiuriko bideak erabilgarri izateari utziko diola eta bide segurtasuna desagertuko dela dio, eta bidearen ezaugarriak ez dira aldatu”.

 

Arau horrek udaletxean sarrera izan duela dio Bilduk, eta “ez ikusiarena” egin dutela, kalte ekologiko, ekonomiko eta segurtasun arazoak sortuta: “Ahal dela, kalteok konpondu eta eraginak murriztu behar dira. Gutxienez, 200.000 m3 isuri da, batere kontrolik barik. 2007tik 2011ra ere isuri da baimenik barik, eta etorkizunean etorri daitekeenaz beldur gara”.

 

Obra eta baimen lizentzia ematean “akats larriak” egon direla dio Bilduk eta “zentzuzkoena” gaia prozedimentu judizialen esku uztea dela, “guztia argitzeko”. Bilboko 2. eta 5. epaitegietan Goiuriko kofradiak eta auzokide batek bultzatutako prozedura administratiboak epaituko dira laster.

 

Asturiasko Auzitegi Gorenak ibarbideak lurrez betetzeko Jaurlaritzaren baimena baliogabetu ondoren (URA agentzian irregulartasunak onartu zituen) hasi zuen udalak lizentziaren deusezte prozedura. Bilboko epaitegietako auzibideek ere amaitzeko tramitea hasi dute.

 

Alkatea:"Dagokigun eskumen barruan jardun behar dugu"

Iurretako Bilduk prentsaurrekoan emandako adierazpenen ildotik, prentsa oharra idatzi du Iñaki Totorikaguena alkateak. Azaldu duenez, “Lukutroka etaLuku Txiki ibarbideak lurrez betetzeko, jarduera eta obra lizentzia behar ditu, baita errepideen foru baimena ere”. Azken hau baina, beste prozedura baten bidez ematen dela argitu gura izan du idatziaren bidez.

 

Totorikaguenak azaldu duenez, “administrazio bakoitzak bere eskumenen barruan jardun behar du kolaborazio eta kooperazio printzipioei jarraituta”. Udalak horrela egin duela dio, “Aldundiari lizentziaren berri emanez, horren arabera jardun dezan”. Udalak bere eskumenen barruan eta baimen guztiekin jardun duela argitu du alkateak, Aldundiaren baimenak aurretik juzgatu gabe. Beraz, Totorikaguenak dioenez, obra eta jarduera lizentziak eduki daitezke, eta Errepide Zuzendaritzako baimenik ez izan, eta alderantziz .

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!