Koroideremia gaitzari aurre egiten laguntzeko jaia

Anboto 2013ko eka. 19a, 09:20

Egun osoko egitaraua prestatu dute ekainaren 23rako, Zelai Alai Hipika Eskolan

Egun osoko egitaraua prestatu dute ekainaren 23rako, Zelai Alai Hipika Eskolan.

 

Koroideremia gaixotasun arraroari aurrea hartzeko ikerketan laguntzeko, egun osoko jaia egingo dute domekan, Zelai Alai Hipika eskolan. Mungiako Amaia Elguezabalek eta Francisco Javier Oleak lau seme- alaba dituzte gaitzak jota, eta eurek sustatutako Koroideremiak Eragindakoen Elkartearentzat batuko dute dirua.

 

Ginkana, zaldiekin ikuskizunak, bazkaria, puzgarriak, musika eta afaria izango dira; taberna ere bai. Gainera, jostailuak, arropa eta liburuak ere eroan daitezke bertan saltzeko. San Juan sua isiotu eta ikuskizuna ere antolatu dute.

 

 

250.000 biztanleko bat

Koroideremia gaixotasun hereditario eta arraroa (intzidentzia baxukoa) da. X kromosomari lotuta dago, eta kasu bat egoten da 250.000 biztanleko. Koroidearen eta erretinaren degenerazioaren ondorioz, apurka-apurka ikusmena galtzea eragiten du. Oro har, haurtzaroan eta bizitzako 2. hamarkadan agertzen dira lehenengo sintomak.

 

Koroideremiak Eragindakoen Elkarteak gaixo horiek batzea eta egin diren aurrerapenen berri ematea du helburu. Urtean ikerketarako behar diren 200.000 euroak batzea da euren erronka, eta hainbat egitasmo abiatu dituzte. Apirilean Ibarra sagardotegian (Zornotza) egindako elkartasun afarian 40.000 euro batu zituzten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!