Herriko familiei seme-alaben hezkuntzagatiko gastu orokorrak ordaintzeko diru-laguntzak bideratzeko 12.500 euro erabiliko ditu Iurretako Udalak. 2012-2013 ikasturteko ikasleen artean banatuko dute diru hori, eta eskabidea egiteko epea maiatzaren 24ra arte dago zabalik.
Iurretarrak izan ahalko dira onuradun, seme-alaba ikasleak dituztenak. Ikastetxe publiko zein pribatuan, honako tarteren batean egon beharko dute ikasle horiek: 0tik bi urtera (Haurreskola), hirutik bostera (HH), seitik bederatzi urtera (LHko 1. eta 4. maila bitartean), hamar urtetik hamabira (LHko 5. eta 6. mailan) eta hamairutik hamasei urtera (DBHko 1. eta 4. maila bitartean). Haurreskolan 100 euroko diru-laguntza jasoko dute, 20 eurokoa HHn eta DBHko ikasleek 75 euroko laguntza izango dute. LHko ikasleei dagokionez, 30 euroko diru laguntza jasoko dute 1. eta 4. maila bitartean dauden ikasleek, eta, gainerakoek, 45 euro.
2012-2013 ikasturtean Iurretan erroldatuta egondako ikasleek izango dute diru-laguntza jasotzeko aukera. Betebeharreko baldintza da ikasturte horretan, euron eskolatzea mantentzea, batetik, eta, bestetik, horretarako, irakasleek, ikastetxeko organoek edo hezkuntza administrazioek 2012-2013 ikasturtean egindako eskaerak betetzea.
Eskabideak udaletxean edo Ibarretxe kultur etxean aurkeztu behar dira. Horretarako azken eguna izango da maiatzaren 24a.