Gaur hasi eta zapatura arte lehenengo Segurtasunaren Astea antolatu dute Iurretako enpresan. Frabrikako langileei, euren familiei zein Durangaldeko formakuntza zentroei bideratutako hitzaldi, tailer eta ekintzak egingo dituzte.
Smurfit Kappa Nervion-eko zuzendari orokor Rafael Sarrionandiaren sarrera hitzaldiagaz hasi dute gaur goizean Segurtasunaren Astea. Sarroandiak gogoratu du 573 egun daramatzatela bajarik eskatu ez duen istripurik gabe: “Iaz enpresan gertatutako 255 gertakari aztertu genituen eta azterketa horietatik segurtasuna hobetzeko 155 zuzenketa-ekintza irten ziren. Segurtasuna hobetzeko jardunbide hau garatzen jarraitzeko asmoa dugu”, adierazi du Sarrionandiak. Gaurka lehen ekintzetara etorri direnen artean Durangoko alkate Aitziber Irigoras, Iurretako alkate Iñaki Totorikaguena eta Amorebieta-Etxanoko alkate David Latxaga egon dira.
Zure segurtasuna, zure eginkizun nagusia lelopean segurtasunaren eta osasunaren arloko hainbat aditu (spMutualia, Ergogroup, DYA, IFPRL, Fremap eta Gerdau-Sidenor) etorriko dira aste osoan zehar antolatu dituzten ekintzera. Hitzaldien eta tailerren bidez, ergonomiaren, kirol segurtasunaren zein errepideko segurtasunaren inguruko aholkuak eman eta esperientziak kontatuko dituzte. Horrez gainera datorren zapatu goizean ateak zabaltzeko eguna egingo dute Smurfit-eko azpiegituretara: umeendako ekintzak eta lehen sorospen tailerrak egongo dira, besteak beste.