Naiara Arnelak bultzatutako ile-apaindegiak irabazi du Iurretako IV. Enpresa Proiektuen Lehiaketa; 9.000 eurogaz lagunduko diote.
Kenai ileapaindegiari eman dio Iurretako Udalak IV. Enpresa Proiektuen Lehiaketa. Proiektuaren sustatzailea den Naiara Arnelak pozik jaso du saria: diploma eta 9.000 euro. Lehenengo pausoak ematea zaila dela eta horrelako ekimenak garrantzitsuak direla onartu du 26 urteko gazteak. Areatzan jaioa da, baina Iurretan bizi da Arnela. Irailean zabaldu zuen ileapaindegia.
Hiru zatitan banatuta ematen du saria udalak: obra eta jarduera baimenagaz %20; irekitzeko baimenagaz batera, beste %50, eta, azken %30a zabaldu eta urtebetera. Lehenengo zati biak eman dizkiote atzo egindako sari banaketan. Proiektu bi aurkeztu dira lehiaketara.
Herriguneko enpresen eta merkataritzaren birsorkuntza bultzatu gura du ekimenak. 2009an Durangaldeko Herri Komunikabideek lortu zuten saria eta, 2010ean, arkitektura estudio batek. Iaz hutsik geratu zen saria.