Gaur goizeko 06:00etatik lanean dauden Odi-Bakar enpresako langileak. Urtarrilaren 7tik greban egon da lan-taldearen ia %90a. Besteak beste, datozen urte bietan kaleratze traumatikorik ez egotea adostu dute..
LAB sindikatuak jakinarazi duenez, batetik, enpresa hitzarmena sinatu dute eta Espaiñiako Lan Erreforma ez aplikatzeko beharrezko neurriak jaso dituzte bertan. Bestetik, akordio bat adostu dute. Akordio horren arabera, bi urtez soldata jaitsiera egongo da, baina kategorien araberako parametroak erabilita. Era berean, urte bi horietan enpresak ezingo du kaleratze traumatikorik egin, ezta arrazoi ekonomikoengatik edo produkzio arrazoiengatik ere. Akordio berean 2015 eta 2016 urteetarako ordain sari bereziak (betikoez gain) adostu dituzte.
Enpresa Hitzarmena eta akordioa Independienteekin eta LABekin sinatu du enpresak. Gainera, langileen asanbladan gutxigorabehera %90eko babesa jaso du akordioak.
25 egunez egon dira greba mugagabean
25 egun dira langileek greba mugagabea abiatu zutela Odi-Bakarren. Mallabiena industriagunean dagoen enpresaren aurrean 24 orduz egon dira langileak, protesta moduan. Odi-Bakarren 55 langile daude eta horietatik 40 egon dira greban. Lan baldintzak "blindatzeko" akordioa eskatzen zuten langileek. 2007tik indarrean dagoen barne-akordioa lan-hitzarmen gisa adostu eta sinatzea eskatu zuten, Lan Erreformak enpresari emandako aldebakartasuna berriz orekatzeko. Joan zen astean , langileek soldata jaitsierari buruzko proposamena aurkeztu zioten enpresaren zuzendaritzari.