Gizartetik baztertzeko arriskuan dauden pertsonak lan-munduan sartzea sustatzen dute enpresa horiek.
Durangaldean "aintzidaria" den Gizarteratze Zentro bat sortzen lagundu du udalak Logicart gizarte enpresagaz batera. Helburua "apala" baina "argia" da: langabezian edo gizartetik kanpo geratzeko arriskuan daudenei lana eskaintzea. Iñaki Totorikaguena alkateak argitu duenez, Lanbidetik eratorritako pertsonek dute hor lan egitea, beti ere, Amankomunazgoko gizarte zerbitzuek gidaturiko gizarteratze prozesu baten barruan; aldi baterako kontratuak bideratzen dira.
Gizartetik baztertzeko arriskuan dauden pertsonak lan-munduan sartzea sustatzen dute gizarteratze enpresek. Bereziki emakumeak kontuan hartuko dituen beste baliabide sozial bat sortzeak duen "premia" nabarmendu du Totorikaguenak, "enplegu tasan dagoen genero aldeaz jabetuta, eta beste langabetuak ahaztu barik". Iurretan emakumeen langabezia-tasa %20 dela esan du.
Erosketa Publiko Arduratsu bat egiteko konpromisoaren bairruan, udalak informatikako suntsikorren hornitzaile egin du Logicart. Ekimena babestu dute Cafés Baquék eta Renault Gaursak ere, "gizarte erantzukizun korporatiboaren bitartez, Logicart hornitzaile bihurtuta eta gizarteratze zentroa finantzatuta" dio alkateak.
Gizarteratze Enpresen II. Azokan
Atzo eta gaur, Irunen antolatutako Espainiako Gizarteratze Enpresen II. Azokan izango da proiektu hau. Jardunbide egoki legez aurkeztuko da Ficoban zabaldutako azokan. "Erakunde publiko eta pribatuek, borondateagaz, gizarteratzeari laguntzeko indarrak bateratu ditzaketela" erakutsi gura dute egitasmo horrekin Totorikaguenak azaldu duene; "kosturik gabe eta onura sozial handi bategaz", gaineratu du.