Donien atxa jasoko dute gaur, 21:00etan, jaiei hasiera emateko; jarraian, txokolatada egongo da.
Danborrada egingo dute lehenengo biderrez Bakixan, San Sebastian bezperan. Zapatuan, gauerdian egin dute hitzordua gazte eta helduek, Julian Bilbao antolatzaileetako baten berbetan: "Hogei bat lagun batuko gara; gaztetxoenak 5-6 urte izango ditu, eta nagusienak 66 inguru. Emakume bat izango dugu zuzendari".
Egundo danborra jo barik, Areatzako lagun talde bat azaldu da erakusteko prest, eta danborrak ere utzi dizkiete: "Hiru bat entsegu egin ditugu, eta polito aritu gara", dio Bilbaok. Datozen urteetan ere ekimenarekin jarraitzea espero dute. "Gaztetxoak ilusioagaz daude; oso pozik gaude ideiak izan duen harreragaz". Praka bakeroak, alkandora zuria eta txapel zuria jantziko dituzte hitzordurako.
Bakailao txapelketa
Gaur hasiko dituzte jaiak donien atxa igo eta txokolatea janez. Bihar, berriz, danborrada ez eze, tiro eta bakailao txapelketak egongo dira. Etzi, kalejira izango da meza aurretik, eta gero, Durangoko eta Iurretako bertsolari gazteak arituko dira, bai eta trikitilariak ere. Briska txapelketa, dantzariak eta umeentzako jolasak izango dira arratsaldean. Luhartzen erromeria, dantzarien saioa eta asto probak utzi dituzte datorren astebururako.