Familia osoak inguratuta ospatu zuen urteguna; foru eta udal ordezkarien omenaldia ere jaso du.
Aurretik bost belaunaldi ditu abenduaren 6an 100 urte bete zituen Nicolasa Goti Manzarragak. Sei seme-alaba, 26 iloba, 22 biloba eta hereniloba bi ditu Arteako Larragoiti auzoan jaiotakoak. Familia osoagaz ospatu zuen eguna bederatzi neba-arreben artean gazteenak.
Dimako Bizkargune auzora ezkondu zen Nicolasa 23 urtegaz, eta Gerra Zibilak iraun artean, bakarrik egin zuen aurrera seme-alaba bigaz. Dionisio Ingunza Ugarriza senarra gerra amaituta bueltatu zen. Hirugarren alaba jaiota eta laugarrenagaz haurdun, etxeak su hartu, eta, dirua eta elikagaiak batzen aritu zen Nicolasa, auzokideek lagunduta; haiek utzitako aterpe batean jaio zen bosgarren alaba.
Santa Luzian (Iurreta) baserria hartu zuten gero, errentan. Nicolasak seme-alaben ardura hartuta, Dionisiok Bizkarguneko baserria altxatzen eta hango lurrak lantzen jardun zuen, eta, seigarren alaba jaiota, San Faustoko (Durango) babeseko etxe batera joan ziren. 1984an bueltatu ziren Iurretara.
Omenaldia
Astelehenean, Iñaki Totorikaguena Iurretako alkatea eta José Arriola Aldundiko Ekintza Instituzional eta Egitasmo Sozialen Zerbitzuburua joan ziren Igurco Orue egoitzara (2006tik han bizi da). Lore sorta eta Lizaso eskultorearen litografia oparitu zizkioten.