Garapenerako lankidetza proiektuetarako gordetako 9.381 euro Baltistan Fundazioari emango dizkio Iurretako Udalak. New Khandeko ur hodiak berreraikitzeko (Pakistan) proiektua aukeratu dute, "gizarte interes handiena" duelakoan.
Garapenerako Lankidetzan gordetako diruak "herrialde pobreenekiko konpromisoaren isla" izan gura du; aurten, 9.381,18 euro izan dituzte. Herrialdeak garatzera eta baldintza sozialak hobetzera bideratzen da diru hori. Aurten zortzi egitasmo aurkeztu dituzte:
- Good Hope (Bilboko Accion Manos de Accion Solidaria elkartea): Bokokon (Ekuatore Ginea) eskola bat eraikitzeko egitasmoa.
- New Khandeko (Pakistan) ur hodiak eraikitzeko egitasmoa (Baltistan Fundazioa).
- Preso palestinarren giza eskubideaj babestea eta sustatzea nazioarteko lege arauen arabera (Biladi kultur zentro palestinarra)
- Minusbaliotasuna duten gazteak gizarteratzea lortzea Diriamban (Nikaragua). 8Mundu Solidarioa Helburu elkartea)
- Irakaslea etxean programa Iher-Morazánen (Honduras). (Adecabi elkartea).
- Ama-haurra osasun arreta hobetzea Batseng`La-Dschang inguruan (Kamerun), ekografia ekipo baten bitartez (Pikume elkartea).
- Afrika emakumeen begiradatik (Deradein Fundazioa).
- Bularreko minbizia prebenitzeko eta antzemateko gaitasun teknikoak eta bitartekoak indartzea Quetzaltepeque udalerrian (El Salvador). Asamblea de cooperación por la Paz elkartea.
Guztien artean New Khandeko ur hodiak berreraikitzeko (Pakistan) Baltistan Fundazioak aurkeztutako egitasmoa aukeratu dute. New Khande udalerritik gertu dauden laborantza eremuetako ureztatze sistema bat eraikitzea da helburua. Izan ere, hondamendui naturalen arriskutik ihesi (elur-jausien ondorioz uholdeak izan ziren 1999an eta 2001ean) bertara heldutako herritarren elikadura hobetzeko funtsezkoa da gune horretako laborantza garatzea. Horrela jakin eragin dute udal arduradunek, ohar baten bitartez. Milaka pertsonentzat izango da onuragarria diotenez: 624 pertsonari zuzenean egingo die mesede, eta zeharka, ostera, 953 pertsonari.Kaltetutako populazio guztia izango da proiektu honen onuradun, genero bazterketarik egin gabe. Proiektua 2011ko irailaren 15ean jarri zuten martxan eta 2013ko amaieran amaitzea aurreikusi dute.
Felix Iñurrategi Foundation Baltistan Machulo (FIFBM) tokiko elkartearekin bideratu dute, District Ghanchen 2002ko urtarrilaren 31n eratu zena; gaur egun, Big Rustan fundazioko kideetako batek euskal mendizaleekin batera Everestera egindako espedizioaren haritik sortu zen erakundea; orduan, altuerako zamaketariei eskalada teknikako prestakuntza emateko Machulu Climbing School eskola sortu zuten. Ondoren, Climbing School eskolatik gaur egun “Felix Iñurrategi Foundation Baltistan Machulo (FIFBM)” izeneko elkartea sortu zen, Felix zendu ondoren, omenaldi gisa, izena aldatu baitzioten.
Proiektu osoak 121.355,97 euroko kostua izango du; tokiko elkarteak 3.104,05 euro (%3) jarriko dituzte, eta Felix Baltistan Fundazioak 9.381,18 euro (% 8). Pakistango Gobernuaren laguntza ere jaso dute: 10.909,90 eurogaz finantzatu du ubidearen burua berreraikitzea, ura handik bideratuko da-eta.