Kultur ikastaro eta udako tailerretan hobariak jasoko dira

Anboto 2012ko aza. 9a, 12:55
Zerga eta tasak %2,5 igoko dira datorren 2013an. Aho batez onartu dituzte, gaur, urtarrilaren 1etik aurrera indarrean egongo diren ordenantza fiskalak. Bildu eta PSE-EEk egindako zuzenketak ere batu dituzte: besteak beste, kultur ikastaroetan eta udako tailerretan hobariak gehitu dituzte kide askotako familientzako

Zerga eta tasak %2,5 igoko dira datorren 2013an. Aho batez onartu dituzte, gaur, urtarrilaren 1etik aurrera indarrean egongo diren ordenantza fiskalak. Bildu eta PSE-EEk egindako zuzenketak ere batu dituzte: besteak beste, kultur ikastaroetan eta udako tailerretan hobariak gehitu dituzte kide askoko familientzako.

 

Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez, 2013rako udal aurrekontua orekatzea dute helburu, orain arteko zerbitzuak mantendu ahal izateko. "Zuhurtzian" oinarrituako igoera proposatu dute, alkateak nabarmendu duenez: "Eragin zuzena izango du BEZaren %3ko igoera eta baita KPIaren igoerak ere (azaroan, %3,5ean finkatu da) udal jardunean eta eskaintzen ditugun zerbitzuetan, eta, neurri baten bada ere horri aurre egin gura diogu". Gaur egungo egoeran, igoerak kontu handiz egin behar direla azaldu du Bilduk, eta egoki jo du KPIaren azpitiko %2,5eko igoera orokorra.

 

2013ko zerga eta tasetarako %2,5 eko igoera orokorra onartu dute EAJ eta Bilduren botoekin. PSE-EE eta PPren ordezkaririk ez da egon udal batzarrean. Kultur ikastaroen eta udako tailerren ordenantzak izango dira salbuespen. Orain arte, udalak kultur ikastaroen eta udako tailerren matrikularen %70ari egiten zion aurre, eta erabiltzaileek %30 ordaintzen zuten. 2013an, berriz, kostuaren %60ari egingo dio aurre udalak eta erabiltzaileek %40ari.

 

Bilduk proposatuta, udako tailerretan kide askoko familientzako hobariak jaso dituzte 2013ko ordenantza fiskaletan. Bigarren kideagatik %50eko hobaria izango dute familia horiek, eta, %75eko hobaria hurrengo kide bakoitzeko. PSE-EEk ere bat egin izan du proposamen horregaz Totorikaguenak azaldu duenez, eta ordenantza fiskaletan jaso dute. Kultur ikastaroetan ere hobari berdinak jasotzeko proposamena egin du PSE-EEk zuzenketa baten bitartez, eta hori eere jaso du Gobernu Taldeak. Orain arte udako tailerretan bakarrik aurreikusten ziren hobariak, %25 eta %50 hurrenez hurren. 

 

Zabor eta estolderia zerbitzuagatiko tasan ere hobaria aldatu dute Bilduk proposatuta. Horretara diru-sarreren araberako hobari bi egongo dira 2013an, %75eko hobaria eta %50ekoa. Orain arte, %50eko hobaria baino ez da jaso ordenantza fiskaletan. Laugarren zuzenketa bat ere batu du bere jaso proposamenera EAJk: kultur ikastaroak hiru zatitan ordaintzeko aukera ematea proposatu dute sozialistek.

 

Kultur ikastaroetan eta udako tailerretan aurreikusitako prezio murriztuan ere egin dituzte aldaketak. Orain arte, 75 urte baino gehiagoko herritarrek baino ez dute izan horretarako aukerarik. Orain, prezio murriztua ordainduko dute iurretan erroldatutako langabetu eta pentsionistek. Biek ala biek 1.300 eurotik beherako diru-sarrera frogatu beharko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!