"Emozio egokiekin hezi ezean, egoera gaitzek gainezka egiten digute"

Anboto 2012ko urr. 8a, 08:29

Haserrea, tristura, maitasuna, beldurra... Noiz sortzen dira, eta zer eragin dute norbanakoarengan? Kasu askotan blokeo egoerak eragiten dituzte emozioek. Teresa Alonso Etxebarrik emozio horiek kudeatzen ikasteko ikastaroa eskainiko du udazkenean, Iurretan, emakumeentzako, Anderebide elkarteak antolatuta.

Haserrea, tristura, maitasuna, beldurra... Noiz sortzen dira, eta zer eragin dute norbanakoarengan? Kasu askotan blokeo egoerak eragiten dituzte emozioek. Teresa Alonso Etxebarrik emozio horiek kudeatzen ikasteko ikastaroa eskainiko du udazkenean, Iurretan, emakumeentzako, Anderebide elkarteak antolatuta.

 


Zergatik dago adimen emozionala landu beharra?

Askotan emozioek gainezka egiten digute, eta gure logika eta arrazoimena blokeatu egiten dira. Egoera horretan egokiak ez diren ekintza batzuk egin ditzakegu, inteligentzia desagertu egiten dela ematen du. Duela gutxira arte garrantzia eman zaio koefeziente intelektualari, eta pentsatzen zen koefiziente altua zutenek bizitzan arrakasta gehien zutela. Ez dauka zerikusirik. Koefiziente altua eduki arren, zailtasunen aurrean blokeatu zaitezke eta gatazkak konpontzeko gaitasuna ez daukazu zertan eduki. Bizitzako zailtasunen aurrean emozioak kudeatzen jakitea da kontua, emozioek eurek zailtasunak konpontzen laguntzeko. Maitasunagaz, haserreagaz, beldurragaz... Hori gertatuko da. Haserrearen kasuan, adibidez, gure jendarteak kontrako egoeretan  haserrera bultzatzen ditu pertsona asko, eta horrek gatazka gehiago baino ez du sortzen.

 

Zer arrazoigatik ez dira gaitasun horiek behar beste garatzen?

Emozioekin jaio egiten gara, eta gero familian eta jendartean emozioak bideratzeko ereduak ikasten ditugu. Familia batzuek emozioak eta gatazkak oso ondo maneiatzen dituzte, eta beste batzuek ez. Gizarte gaitasunak ikasi egiten dira. Ume batek etxean haserrearen bidez dena konpontzen dela ikusten badu, pentsatuko du haserreak beti  balioko duela; baina familian negoziazioaren bidea hartzen dela ikusten badu, hori ikasiko du. Irabazi eta galtzen jakitea, autoestimua, horrek guztiak batez ere etxean ikasten dira, eta eskolan ere bai. 

 

Norberaren sentimentuak ezagutzen jakitea da lehenengo pausua?

Gure emozioak maneiatzen jakin behar dugu besteak ezagutzeko. Barne ni-a ezagutzen duenarentzako besteekin konektatzea errazagoa da.

 

Emozioak ezagutzetik aldatzerako pausua

Hartuemanetan harmonia egoteko bi aldeen partetik aldaketarako gogoa egon behar da. “Erratu egin naiz”, onartzea komeni da. “Badakizu zelakoa naizen”, edo “horrelakoa naiz eta ez naiz aldatuko” esaten duten pertsonekin ez dago zereginik. Gure akatsak onartu eta detektatu behar ditugu, gero aldatzeko. Beste gaitasun oso garrantzitsu bat enpatia da. Bestearen egoera zelakoa den ulertu eta negoziatzen ahalegintzeko ezinbestekoa da. Norbera bere buruagaz harmonian egonda errazagoa da besteekin harmonian egotea. Horrek ez du esan nahi Nirvanan zaudenik. Gatazkak edukiko dituzu, eta hobeto konpontzen jakingo duzu. Gatazka batzuek ez dute konponbiderik izango, eta horiek ere onartu beharko dituzu. 

 

Ez da nahikoa izango sentitzen duzuna beste barik komunikatzea...

Oso garrantzitsua da emozioak arrazionalizatzen jakitea, gure alde logikoa eta emozionalaren arteko hartuemana lantzea.  Batzuetan pertsonek badakite pentsatzen dutena ez dela arrazionala, baina ezin dute hori pentsatzeari utzi. Ez diezu laguntzen esanda “pentsatzen duzuna ez da logikoa”. Jarrera aldatzen ikasi beharko dute. Horretan, adibidez, lagundu egiten dute arnasketa sakonak, erlaxatzen jakiteak... Horrela, aldaketa kimikoak sortzen dira, eta horiek eragin zuzena dute gure emozioetan. Gauzak lasai hartzen ikasi behar dugu.

 

Emakumeen inteligentzia emozionala landuko duzue Iurretako ikastaroan. Genero aldetik desberdintasunak nabari dituzu?

Gurasoen elkarteetan eman izan dut ikastaroa, eta bai, ikusi ditut desberdintasunak. Emakumeoi batzuetan gehiago egiten digute emozioek gainezka. Gizon batzuei ere bai, eta blokeatzen dira. Agian emakumeoi gehiago hezi gaituzte emozioen adierazpenean, eta gizonei arrazionalizazioan. Emozio egoki batzuekin hezten bagaituzte emakumeon inteligentzia emozionala hobeto garatzen da. Horrela ez bada, egoerak gainditu egiten gaitu. Bizitzan zailtasun asko daude, eta horiek hobeto eramateko jarrera aldatu beharra daukagu hainbatetan. Horretarako, pentsatzeko era aldatu behar dugu, emozioak aldatzeko. Emozioak aske utzita, deskontrolatu eta ekintza ez egokietara eroan zaitzakete. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!