Elixalde kalean udalak dituen lonjetara ere sartu ziren eta kalea garbitzeko makina hartu.
Maiztegi ikastetxean sartzen saiatu ziren San Migel Egunean. Eskolako gimnasioko kristalak apurtu zituzten eta sarrerako atearen sarraila ere bai. Horrela egiaztatu dute ikastetxeko arduradunek. Gainera, Elixalde kalean Iurretako Udalak dituen lonjetera ere sartu ziren. Kaleak garbitzeko erabiltzen duten makina atera zuten kalera eta harekin jolasean harrapatu zituzten gazte batzuk. Horrela argitu du Iñaki Totorikaguena alkateak.
Alkatearen berbetan, “hamalau-hamabost urteko gaztetxo batzuen okerkeria izan da”. Udaltzaingoak ez du gaueko txandarik egiten eta Jai Batzordeko kide batzuek harrapatu zituzten. “Lonja guztiak zabaldu zituzten, baina, ez zuten kaleak garbitzeko makina bat baino topatu eta horregaz jolasean ibili ziren”. Maiztegi ikastetxean sartzen saiatu zirenak gazte horiek izan ziren edo ez argitzerik ez du izan alkateak. Oraindik ez dute kalkulatu zenbateko kaltea eragin duten. Seguru-etxeari parte emango diote.
“Ez da sustatu nahi duguna”
Horrelako jarrerak onartezinak direla esan du Jai Batzordeak: “Jaien berezko errespetuzko izaera alai horretatik at herritarron ondasunak kaltetzea beste helbururik ez zuten izan gertaera horiek, eta hori ez da sustatu nahi dugun jai eredua”.
Iurretako Jai Batzordeko kideek, domekan jaiak bukatu bitartean, sanmigelez gozatu gura duen orori luzatu diote bertaratzeko gonbidapena “elkarren errespetua eta herritarron parte hartzea sustatuz jai ahaztezinak bizi ditzagun”.