Donien-atxa igoko dute arratsaldean iurretarrek, eta bihar ospatuko dute jaietako egun handia. Atzo herriko banderaren mendeurrenaren oroigarria ere eman zieten herriko hainbat elkarte eta eragileri 1911 Herri Batzordeak, eskainitako laguntza eskertu guran. Bertaratu ziren ordezkariek luntxa ere izan zuten ekitaldia amaitu eta famili argazkia egin-eta gero.
Besteak beste, Jai Batzordea, Gerediaga elkartea, Harria kirol elkartea, Zaldai mendi taldea eta Gazte Asanbladak jaso zuten oroigarria. Baita Iurreta kirol elkarteak, Txirrindulari elkarteak, Fasoden, Kimuak aisialdi taldea, Emoixu odolemole elkartea, Anderebide, Iurretako abesbatza, Amaiur eta Mikel Deuna dantza taldeak ere. Iurretako alkate Iñaki Totorikaguenak herriaren ordezkari legez hartu zuen oroigarria. Herritarren partetik jasotako babesa eskertu gura izan zuen horrela 1911 Herri Batzordeak.
Ohiturari eutsita Montoian batuko dira iurretarrak gaur, eta txapligu hots artean hasiko dituzte San Migel jaiak. Errosario Eguna heldu bitartean, ekitaldiz jositako zazpi egun dituzte aurretik. Biharkoa da egun handia: San Migel Eguna. Askotariko ekitaldiak batzen dituen egitaraua osatu du Jai Batzordeak, eta parte hartzeko gonbitea luzatu du: musika, antzerkia, dantzariak, lehiaketa gastronomikoak, umeen jolasak eta nekazaritza eta artisautza azoka egongo dira datozen egunotan. Mozorro Egunerako, herria zoologiko bihurtzeko deia egin du Jai Batzordeak.
Desafioan, Garai nagusi
Jaiak hasi aurretik ere egon da zer ikusi aurreko egunetan. Besteak beste, herri kirol desafioa antolatu zuen Jai Batzordeak, eta aurten lehenengoz, neskek ere parte hartu dute. Azkenean, Garai nagusitu zen: ia 500kiloko harria mugitzerakoan lau untzako aldea atera zieten iurretarrei. Neskek ere ez zuten lan makala egin: 34,5 untza eta 1,95 metro egitea lortu zuten. Hamabi neskak osatutako taldeak ekin zion harria mugitzeari. Guztira, hamazazpi neska hu-rreratu ziren, eta txandaka aritu ziren harriari tiraka. Hor sortu zen jai giroak eutsi egingo dio egunotan herrian.