Kofradi Eguna ospatuko dute Laixiar zelaian, domekan, Iurretako Kofradien Batzordeak deituta.
Iurretako sei kofradiak, iraileko bigarren domeka guztietan legez, Laixiar zelaian batuko dira urte osoko diru kontuen berri izateko. Herritar asko batzen dira eta, batzarra egiteko ez ezik, jai eguna ere izaten da.
Hamabietako meza amaitzerakoan hasiko dute Kofradien Batzar Nagusia. San Marko, Fauste, Goiuri, Santa Maña, Iurreta eta Orozketako kofradiek bakoitzak bere gorabeherak azalduko ditu. Ostean, Mikel Deuna dantza taldeko dantzariak ariko dira; horrela, sanmigeletarako entseguekin hasiko dira. Herriko bertsolarien txanda izango da gero.
Bertsoen ostean, lagun arteko bazkaria egingo dute. Bakoitzak etxetik eroandako jatekoekin eta edatekoekin beteko dute mahaia. Erromeria ere antolatu du Iurretako Kofradien Batzordeak, arratsalderako.