Euskara, musika eta igerian ikasteko laguntzak emango dituzte

Anboto 2012ko ira. 4a, 12:40

Igerilekuetarako joateko, hasierako igeriketa ikastaroak eta musika ikastaroak egiteko diru-laguntzak bideratuko ditu iurretarrentzat udalak. Udaleko Euskal Unibertsitatera joateko ikastaroetako matrikula ordaintzeko laguntzak ere banatuko dituzte

Igerilekuetarako joateko, hasierako igeriketa ikastaroak eta musika ikastaroak egiteko diru-laguntzak bideratuko ditu iurretarrentzat udalak. Udaleko Euskal Unibertsitatera joateko ikastaroetako eta euskara ikastaroetako matrikulak ordaintzeko laguntzak ere banatuko dituzte.

 

Igerilekua dagoen udalerrian erroldatuta daudenek ordaindu behar duten tarifa eta erroldatuta ez daudenek ordaindu behar dutenaren arteko aldea izango da diru-laguntzaren zenbatekoa. Erizpide berdina erabiliko dute hasierako igeriketa ikastaroak edo musika ikastaroak egiteko diru-laguntzak banatzeko. Igerilekuetarako joateko abonuak ordaintzeko 1.500 euro gorde ditu Iurretako Udalak; 6.800 euro gorde dituzte musika ikastaroak egiteko diru-laguntzak bideratzeko eta 150 euro hasierako igeriketa ikastaroak egiteko. Kasu bietan eskatutako gastuen %100 finantzatu ahal izango da, baina, gutxienez ikastaro orduen %80ra joan dela eta ikastaroari probetxua atera zaiola ziurtatu beharko da.

 

Udaleko Euskal Unibertsitatera joateko ikastaroei dagokionez, matrikularen kostuaren %50a izango da diru-laguntzaren zenbatekoa. Iurretako udalak 250 euroko kreditua bideratu du deialdi horretara. Matrikularen erdiari egingo zaio aurre baita euskara ikastaroetara joan direnen kasua ere bai. Horretarako 2.600 euro bideratuko ditu Udalak. Gutxienez ikastaro orduen %80ra joan dela eta ikastaroari probetxua atera zaiola ziurtatu beharko da.

 

Eskariak Iurretako Udaleko erregistro orokorrean edo Ibarretxe kultur etxean egin daitezke, urriaren 1etik abenduaren 7ra bitartean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!