Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Udal Gaztedi planari atxikituko zaio Iurreta. EAJ eta PPren aldeko botoekin onartu dute gazteriarentzako politika integralak sortzea helburu duen organu aholkalari horretan parte hartzea. PSE-EEk kontra egin du, eta Bildu abstenidu egin da.
Bizkaia du lan-eremu Udal Gaztedik, eta gazteentzako politika integralak sustatu eta koordinatzea izango da bere lana. Iñaki Totorikaguena alkatea izango da Iurretako ordezkari foru organu horretan.
PSE-EEk foru erakunde horrekiko zalantzak agertu ditu. Eusko Jaurlaritzak bultzatuta gazte plan bat garatzeko aukera izan dutela nabarmendu du eta ez dutela aurrera egin: "Orain aurrera egin ez duen gazte plan baten barruan dagoen beste bat sortu gura da, eta holako kontuek ez dute funtzionatzen. Gainera, erakunde berri horretara atxikitu ezean ez dugu laguntzarik lortzeko aukerarik, horrek zalantzak sortarazten dizkigu".
Bilduk ere bere zalantza azalarazi ditu bai diru-laguntzei dagokionez, bai planteatutako helburu eta gazteen parte hartzeari dagokionez.
PPren ustean, berriz, "bizi dugu egoera honetan beharrezkotzat jotzen ditugu horrelako ekimenak".
Iñaki Totorikaguena alkateak argitu du aurretik Jaurlaritzak aurkeztutako gazte planean ere lurralde historiko bakoitzak bere plangintza garatzea proposatzen zuela. "Orduan planteatzen zen ildo beretik joko du Udal Gaztedik ere bai. Ez dakit zergaitik ez zuen aurrera egin gazteei begirako plan harek, baina Bizkaiko Foru Aldundiak ere parte hartu zuen orduan, eta eskualdez eskualde garatzea zen proposamena". PSE-EEk, baina, ez du berdin ikusten. Gainera, babarmendu duenez, diru-laguntzen zati handiena Bilbok eroango du: "800.000 euro inguruko aurrekontua aipatu dute, eta Bilbok 300.000 eroango lituzke. Herri txikiei gehiago lagundu beharko liekete"