Maiztegi herri eskolan dute lekua gaur hasitako udako tailerrak. Bost taldetan banatuta 48 neska-mutilek parte hartuko dute bertan.
Gaurtik uztailaren 30era bitartean egingo dituzte udako tailerrak, 09:00etatik 14:30ak bitartean. Euskaraz eta ingelesez garatuko dituzte udalekuok. Iurretako Udalak antolatutakoak dira eta, arduradunek azaldu dutenez, ekintza gehienak herrian zehar eta aire librean garatuko dituzte, bertan dauden baliabideak aprobetxatuz.
Umeen aisialdi denbora "hezigarria eta dibertigarria" den programa batekin betetzea dute helburu udako tailerrek. Era ludiko baten, ikasteko interesa piztea ere badute helburu, eta umeen garapen intregala sustatzea generoaren ikuspuntutik. "Parte hartze-aktiboa, iniziatiba eta talde lana motibatu gura dugu, eta, ingurugiroarekiko eta kultura aniztasunarekiko errespetua landu".