Ludoteka, zinea eta antzerkia antolatu dituzte.
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) baitan, euskararen erabilera eta ezagutza bultzatzeko landutako proiektuak aurkeztu dituzte, guztiak hizkuntzaren transmisioagaz eta hezkuntza esparruagaz lotutakoak. Udako zinemagaz ekingo diote: Vickie el vikingo y el martillo de Thor (uztailak 5) eta Urte berri on amona (uztailak 28) proiektatuko dituzte, Aita San Migel plazan, 22:00etan.
Urritik abendura ludoteka egongo da (zortzi-hamalau urte) eta euskarazko zine eta antzerki eskaintza ere bai, Goiuria kulturgunean eta kultur etxean. Ludotekan talde bi sortu gura dituzte, zortzi-hamabi urte bitarteko gaztetxoekin bata, eta, bestea, hamairu eta hamalau urteko neska-mutilekin. Izena emateko epea irailean zabalduko dute, azaldu dutenez. Durangoko Berbaro euskara elkarteagaz eta Iurretako Kimuak astialdi taldeagaz dihardue lanean egitasmo hori aurrera eroateko, azaldu dutenez.
Igelak & sapoak, irabazle &galtzaile eta Winkyren zaldia filmak eskainiko dituzte umeentzako; helduei begira, berriz, Karamuk, Txori Urdin eta Polleke. Urriaren 18an, azaroaren 22an eta abenduaren 20an eskainiko dituzte filme horiek, euskaraz. Gaztetxoentzako saioak 17:00etan izango dira, helduentzakoak 19:00etan. Ordu berdinean izango dira antzerki saioak ere bai: Kanpaiak jo bitartean (Glu Glu) eta Ordubete Gerbasiogaz (Zeanuriko antzerki taldea) antolatu dituzte helduentzat, urriaren 24an eta azaroaren 9an. Anbotoko Mari eta Orrazi galdua antzezlana eskaniko dute Glu Glu Produkzioek, abenduaren 14.
EBPN ahobatez onartu zuten abenduan. Aurretik, Elhuyar Aholkularitza enpresak euskararen diagnosia egin zuen. EBPN landu zuen udalak gero, herritarrek osatutako Aholku Batzordeagaz batera. 20.000 euro gorde zuten, baina, IñakiTotorikaguena alkateak dioenez, “krisi egoerak gura baino erritmo motelagora eroan gaitu”. Udazkenean batuko dira atzera, 2013ari begira.