Enpresa propioa sortu gura duenari 'bidea erraztu' guran

Anboto 2012ko uzt. 1a, 08:19

Enpresa berriak sortzeko ekimenak sustatzeko eta pauso hori ematea erabaki dutenei \'bidea errazteko\' helburuagaz sortu zuen Enpresa-proiektuen Lehiaketa. Laugarren deialdia da aurtengoa

Enpresa berriak sortzeko ekimenak sustatzeko eta pauso hori ematea erabaki dutenei \'bidea errazteko\' helburuagaz sortu zuen Enpresa-proiektuen Lehiaketa. Laugarren deialdia da aurtengoa.

 

Iurretako herrigune barruan enpresa berriak sortzea sustatzea du helburu lehiaketak, batez ere produktuetan, prozesuetan edo zerbitzuen esparruan ideia berriak ekarriko dituztenak, eta, aberastasuna eta enplegua sortzen lagunduko dutenak; herriko merkataritza birgaituko dutenak ere bai.

 

Honako baldintzak hartuko dira kontutan, bakarrak zein lotesleak ez diren arren: sustatzaileak Iurretan erroldatuta egotea, proiektua zenbateraino dagoen zehaztuta, egitasmoaren kalitatea eta originaltasuna, eta, bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta finantzieroa. Sortutako enplegua (baita horren kalitatea eta egonkortasuna), gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna sustatzen duen ere hartuko dute kontutan, eta, bizitza pertsonala familiagaz eta lanagaz bateragarri egiteko sustatzen diren neurriak ere bai. Jarduera garatzeko teknologiak berriak erabiltzen diren ere baloratuko da, eta enpresa berriak egingo dio ekarpena herriaren  iraunkortasun ekonomiko eta soziokulturalari; baita ingurumen iraunkorrari ere.

 

Lehiaketaren irabazleak 9.000 euroko saria lortuko du. Obra eta jarduera baimena emateagaz batera jasoko du sariaren %20a; establezimendua zabaltzeko baimenagaz batera beste %50, eta, gainerako %30 zabaldu eta urtebetera. Lehiaketaren oinarriak Bidebarrieta 5ean dauden udal bulegoetan daude eskura. Uztailaren 1etik urriaren 31a bitartean aurkeztu daitezke proiektuak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!