Kirolean emakumearen parte hartzea bultzatzeko diru-laguntzak

Anboto 2012ko eka. 26a, 08:21

Herriko kirol elkarteei eta banakako kirolariei bekak eta diru-laguntzak bideratzeko aurtengo beka-deialdia zabaldu du Iurretako Udalak. Emakumearen parte hartzea bereziki lagunduko dute

Herriko kirol elkarteei eta banakako kirolariei bekak eta diru-laguntzak bideratzeko aurtengo beka-deialdia zabaldu du Iurretako Udalak. Emakumearen parte hartzea bereziki lagunduko dute.

 

Kirol elkarteentzako diru-laguntzak batzen dituen deialdiari dagokionez, kirol jardueran emakumearen parte hartzea sustatzen duten eta helbide soziala Iurretan duten elkarteek aurkeztu ahal izango duten euren eskaria. Eusko Jaurlaritzako elkarteen erregistroan izena emanda egon beharko dira, eta aurkeztuko duten ekintzen proiektua baloratzeko honako erizpideak hartuko dira kontutan: emakumearen parte hartzea sustatzeko egitasmo bereziak, proiektuaren interesa eta egokitasuna, ekintzetan parte hartzen duten emakume kopurua eta federatutako emakume kopurua. Guztira, 2.750 euro bideratuko da laguntzetan.

 

Banakako kirolarientzako diru-laguntza deialdian, eskaria egin ahal izango dute gutxienez 5 urtean, etenik gabe, Iurretan erroldatuta dauden kirolariek. Hainbat lurralde-esparrutan kirol jarduera eta lehiaketetan parte hartutakoak izan beharko dira, gainera. Kirolerako material eta ekipamendua erosteko gastuari aurre egiten laguntzeko helburua dute diru-laguntzok; baita txapelketetan parte hartzeko garraio gastu eta kuotek, kirol lizentziek, gimnasio-kuotek eta esfortzu probetarako medikuaren azterketek sortutako gastuei aurre egiteko ere. Gehienez 200 euroko laguntza jasoko du baldintza guztiek betetzen dituen kirolariak. Eskaria egin duena emakumea bada zebatekoa %50 igoko da, gehienez 300 euroko laguntza bideratuz. Deialdi horretarako 1.300 euroko diru-atala gorde du udalak.

 

Eskaria egiteko orriak Iurretako Udaleko Erregistro Orokorrean (Bidebarrieta, 5) hartu daitezke, edo www.iurreta.net webgunean deskargatu. Urriaren 11 bitartean aurkeztu daitezke eskariak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!