Baliogabetzeko eskatuko dute, eta behar izanez gero, epaitegira joko dute.
Lukupeko Troka eta Luku-Txiki ibarbideak lurrez betetzeko obretan, baimena emateko ahalmena du Iñaki Totorikaguena alkateak. Horrela berrtsi zuen udalbatzarrak. Izan ere, Goiuriako Kofradiak, alkatea partziala dela iritzita, lizentzia espedientetik baztertzeko eskatu zuen udaletxean. Eta prozesu luze baten ostean, eskari hori atzera bota zuten EAJk, PSE-EEk eta PPk. Orain, kofradiak tramite osoa baliogabetzeko eskatuko du. Baliogabetzen ez badute, kofradiak hausnartuko du berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea, edota administrazio epaitegira jotzea.
Udalbatzarrak hartutako erabakia baliogabea dela argudiatzeko, Goiuriako kofradiak dio aurkeztutako froga garrantzitsuenak era arbitrarioan baztertu zirela auzitik: batetik, Luku-Baso S.L. enpresaren kontra alkateak zigor-espedientea zabaldu behar ote zuen argitzeko Ingurumen-fiskaltzari egindako eskaria; eta bestetik, Jaurlaritzari eskatutako ibarbideen egoerari buruzko txostena: “2011ko isurketak eta zer bota den argituko lukeen agindu-libururik dagoen egiaztatuko luke rrek”. Gainera, Kofradiak aurkeztutako galderei alkateak zer erantzun dien ez zaie helarazi, esan dutenez, eta horrek “babesgabe” utzi ditu ibarbideen auzian.
Alkatea, minduta
Iñaki Totorikaguena alkateak ohar bat helarazi die herritarrei buzoietara, eta bere aurkako akusazioak guztiz faltsuak direla adierazi du, “iraingarriak, eta gainera ganora bakoak”. Alkateari “oso gogorrak” egin zaizkio sei hile “luzeok”, eta dio tratu bidebakoa jasan duela. “Interes bakarra iurretarren alde jokatzea da, beti izan da eta izango da”. Prozeduran irizpide gardenak aplikatu direla dio, eta begirunea eskatu du. “Auzotarrek nik alkate jardunean egindako edozein ekimen edo lan kritikatzeko eskubide osoa dute. Baina, aldi berean, errespetua eskatzen dut, eta ez nire kontra aritzeko, samina sortu guran. Eta oraingoan, lortu dute”.