Ikasturtea amaitzeko agerraldia egingo dute maiatzaren 31n, Olaburun.
Aurten, 279 ikasle batu dira Iurretako Udalak eskainitako kultur ikastaroetan. Hamasei ikastaro antolatu dituzte guztira; horietatik bi, umeentzako (pintura eta ingeles ludikoa). Eta guztiak bete dira. Eskaintzak ondo funtzionatu duela nabarmendu dute antolatzaileek, eta ikastaro bakoitzak bere publikoa duen arren, yoga dela ikasle gehien batu dituena. Gazteen artean, berriz, argazkigintza eta sabel dantza ikastaroek izan dute arrakasta.
Egindakoa jendaurrera
Urtean zehar egindakoa jendaurrean erakusteko, jaialdia antolatu dute ikastaroetako parte-hartzaileek. Datorren eguenean izango da, Olaburu frontoian, 18:00etan hasita. Areto dantza, Karibeko dantza, sabel dantza, gimnasia eta yoga erakutsiko dituzte. Gero, luntxa eta erromeria izango dute.
Egur-lanketa, argazkigintza, eskulan eta pintura ikastaroetako lanekin erakusketa ipiniko dute maiatzaren 31etik ekainaren 1era, Ibarretxe kultur etxean.