Merkatua, herrigunea "suspertze" aldera

Anboto 2012ko api. 28a, 08:27

Hamabost egunean behin merkatua edukiko dute Iurretan, maiatzaren 3tik aurrera. Hileko lehenengo eta hirugarren eguenak izango dira merkatu egunak. Urkiola landa garapen elkarteagaz antolatu dute Kale Azoka deitutakoa

Hamabost egunean behin merkatua edukiko dute Iurretan, maiatzaren 3tik aurrera. Hileko lehenengo eta hirugarren eguenak izango dira merkatu egunak. Urkiola landa garapen elkarteagaz antolatu dute Kale Azoka deitutakoa.

 

Frai Juan Askondo kalean eta Dantzari auzunean 25 postu inguru ipiniko dituzte: hamabost, oihal eta telekin, eta hamar bertako baserriko produktuekin. 09:00etatik 13:30 ingurura egongo da zabalik merkatua.

 

Merkataritza eta ostalaritza jarduerari bultzada handiagoa ematea lortu gura dute Kale Azokagaz, herrigunea “suspertzeko”. Bide horretan jarraitzea da udalaren asmoa, arduradunen arabera. Horrez gainera, “herriko eta inguruko baserritarren produktuen kontsumoa sustatzea ere bai”, zehaztu dutenez.

 

Erosketak egiteko beste aukera bat

Horrezaz gainera, erosketak egiteko beste aukera bat ere eskaini gura izan du udalak, ekimena aurkezteko egindako agerraldian Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez: "Herritargoa ere geroago eta anitzagoa da eta bakoitzak bere premiak ditu. Beraz, erosketak egiteko aukerak zabaltzera derrigortuta gaude". Kale Azoka "guztiz osagarria" izango da gaur egun herrian dagoen komertzio eta ostalaritza establezimenduekin. Horrela nabarmendu du alkateak: "Harrera oso ona izan du azokak eta eskari batzuk atzera bota behar izan ditugu osagarritasun hori bermatzeko".

 

Umeentzako zein helduentzako arropak, oinetakoak, bitxiak, kirola egiteko arropak edota etxerako osagarriak egongo dira salgai hamabostero egingo den Kale Azokan. Era berean, Iurretako eta inguruko baserritarren (Abadiño, Mallabia, Zornotza, Durango...) produktuak: ortuarak, fruta, ogia, sagardoa, txakolia, eztia, gazta... Totorikaguenak adierazi duenez, merkatu horrek iurretarrak ez ezik inguruko herrietako bisitariak ere erakarriko ditu eta herriari "beste kolore bat" eman diezaiokela uste dute: "Iurreta erakargarriago egin dezakela uste dugu eta horregaitik kalitateari eman diogu lehentasuna, merkatuaren tamainoari beharrean. Gainera, inguruko herrietatik etorritakoek gure merkataritza eta ostalaritza ezagutzeko aukera izango dute".

 

Aspaldian gogoan

Azoka sortzeko ideia hori aspaldian izan dutela gogoan azaldu du Totorikaguenak: "Egia da, baina, azken aldian somatu dogula eta horrela jakin eragin digute ere bai, herrian giroa falta dela eta horrek merkatari eta ostalariengan eragiten duela. Guk egoera horrengan eragin gura dugu Kale Azokagaz". Ekimenak herritarren partetik harrera ona izango duela uste dute udal arduradunek.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!