Partekatutako zaintza babestu eta eredu moduan horixe lehenestea eskatzen duen mozioa onartu du udalbatzarrak. EAJk eta Bilduk egin dute Kidetza-Euskadiko Guraso Bananduen Federazioak aurkeztutako idatziaren alde. Abstenidu egin diar PSE-EE eta PP.
Adin txikikoen interesak gordetzeko eredu egokiena dela ulertuta eskatu dute partekatutako zaintza babestea eta eredu moduan horixe lehenestea banaketa eta dibortzio kasuetan. Era berean, dagokioen eskuduntzen harian, Euskal Autonomi Elkarteak banatutako zaintza lege bat izatea, euskal herritarren eskuduntza soziala dena, "ontzat ematea" ere jasotzen da onartutako idatzian.
Iurretako Udalak babesa eman dio Kidetzak aurkeztutako euskal legediko zaintza partekatuaren aldeko lege ekintza herrikoiari, " EAEko legeztatze eskumena garatzeko, zaintza partekatua arau lehenetsitzat jasotzeko, eta, bizitza politikoan euskal herritarren zuzeneko partaidetza indartuz gure sistema demokratikoa sakondu eta borondatezko jarduera solidarioak bultzatzeko, horrela gizarte arazoak konpontzeko".
Banatutako Gurasoen Euskadiko Federazioak herri ekimenez aurkeztutako Gurasoen erantzukidetasunaren lege proiektua eztabaidatu eta onartu dezan eskatuko dio udalak legebiltzarrari idatzi horren bitartez.
PSE-EEko MªAngeles Muñozek argitu duenez "inposatutako partekatutako zaintzaren" kontrakoak dira eurak. 2005eko Dibortzioaren Legeak partekatutako zaintza jasotzen duela azaldu du eta garrantzitsuena adin txikikoen ongizatea dela nabarmendu du: "Hori bermatu behar da eta ez gurasoen ongizatea. Ez da gauza inposatu bat izan behar, gurasoek erabaki behar dute". Gaineratu du gai hori bideratzeko eskuduntzarik ez duela udalak.
Bide beretik jardun du PPk ere. Gaia aztertzeko lekua Legebiltzarra izan behar dela derizo Nacho Tocak: "Gainera, Kidetza dio pentsioa bakoitzaren sarrera ekonomikoen araberakoa izan beharko litzakeela, eta horri ez deritzogu guztiz bidezkoa".
Guraso bakoitzaren ahalmenaren araberako ekarpen ekonomikoagaz bat dator Bildu: "Izan daiteke udala ez izatea lekua gaia eztabaidatzeko, baina, Legebiltzarrak hori eztabaidatzea eskatu dezake udalak". Era berean, Zorion Agirrezabal zinegotziak nabarmendu du adin txikikoen ongizatea dela garrantzitsua partekatutako zaintzan: "Salbuespenak egon daitezke. Ez da partekatutako zaintza derrigortua eskatzen, aukera hori lehenestea baino".
Jeltzaleak bat etorri dira Bildugaz. "Eredu lez hartzea da eskatzen dena, ez da derrigorra", dio Iñaki Totorikaguena alkateak: "Adin txikikoen interesak defendatzeko egokiena da partekatutako kustodia lehentasunezko norma lez hartzea, ez duenak esan nahi derrigorrezko aukera denik". Argitu du eskuduntza duenari gaia aztertu daien eskaria egitea onartu dela.