2002an ospatu zuten lehenengoz; harrez gero bost urterik behin egiten dute, 1902an girotuta.
Valentina eta Antonio (Amaia Etxebarria eta Bidart Zugaza-Artaza) ezkonduko dira, gaur, Oromiñon. Eurokin ospatuko dute eguna 150 gonbidatuk, bost urterik behin egiten duten ekimenean (2002an izan zen lehenengoa). 1902. urte inguruko eztegua ekarriko dute gogora.
Baztarreko baserrian prest izango dute gurdia, eta kalejiran abiatuko dira, 12:00etan: ezkonkideak, guraso eta aitita-amamak, osaba amerikanoak eta notarioak joango dira. Atzetik, gainerako familia, herritarrak, dantzariak eta trikitilariak. Erdibidean, gonbitea antzeztuko dute. Ardo gozoa eta pastak eskaini, eta San Marko elizara egingo dute. Han egingo dute eztegua.
13:00ak inguruan irakurriko du notarioak ezkontza-kontratua, gurasoek baietz esan ostean, ezkonkide eta testiguek sinatu beharrekoa. Dantza ekitaldiagaz amaituko dute antzezpena.
Trikitilariek berotuko dute txokoan izango duten bazkari-aurrekoa. Bazkalostekoaz Oxabi arduratuko da. Auzoko jaien aurrekari izango da antzinako eztegua. Donien Atxa igoko dute martitzenean eta, apirilaren 25ean, San Marko eguna ospatuko dute. Asteburuan egingo dituzte ekintza gehienak.