94 urte zituela hil da Gregorio Gorroño. Atzo eman zioten azken agurra Aita San Migel parrokian.
2000tik Iurretako kofradietako ohorezko lehendakaria, Gregorio Gorroño Uribegoitia, martitzenean hil zen, 94 urtegaz. Azken agurra atzo eman zioten, Aita San Migel parrokian. 1955etik 2000. urtera Fauste kofradiako batzarkide izan zen. Kofradietako idazkari Mikel Sopelanaren berbetan, “ehuneko ehunean herriaren alde egin duen borrokalaria”.
1973tik kofradienak diren 175 hektareako pinu-basoak lortzeko Durangogaz izan zuten gatazkan ere parte hartu zuen Gorroñok. Gero, Iurreta Durangotik desanexionatzeko eskaria etorriko zen: “Herriari galdetu ostean, 1978an aurkeztu zuten desanexionatzeko lehenengo eskaria kofradiek udalean. Iurreta, Goiuria, Fauste, Orozketa, San Marko eta Santa Maña, sei kofradietako zaharrenek aurkeztu zuten idatzia; tartean Gorroñok”. Aurtengo Laixiar Egunean modu berezian hartuko dute gogoan Gorroño kofradiek.