Azken 10 urtetako aurrekonturik bajuena onartu dute

Anboto 2012ko mar. 30a, 10:34

Gobernu Taldeak PSE-EEren babesagaz atera du aurrera, gaur goizean, azken hamar urtetako udal aurrekonturik bajuena: 6,234 milioi euro izango ditu udala 2012an; inbertsiotarako, berriz, 1,16 milioi. Atal hori erdira bajatu da iazkoagaz alderatuta. Bilduk eta PPk kontrako bozka eman dute

Gobernu Taldeak PSE-EEren babesagaz atera du aurrera azken hamar urtetako udal aurrekonturik bajuena: 6,234 milioi euro izango ditu udala 2012an; inbertsiotarako, berriz, 1,16 milioi. Atal hori erdira bajatu da iazkoagaz alderatuta. Bilduk eta PPk kontrako bozka eman dute.

 

Inbertsio nagusi moduan honako egitasmoak aipatu ditu Gobernu Taldeak: Orozketako ur-hornidura sarea hobetzeko egitasmoaren 1. fasea (300.000 euro ) gauzatzea, Garaizar eta Bazeta auzoetan argiteria jartzea (40.000 euro) eta Olaburu kalearen konponketak lanak (70.000 euro). Azken horrek PSE-EEk aurkeztutako zuzenketan baten bitartez bideratu dira. 

 

EAJk azaldu duenez "zuhurtasunean eta zorroztasunean" oinarritutako udal kontua da landutakoa, Iurretako Udala "bizi dugun atzeraldi ekonomikotik kanpo" ez dagoela eritzita. Iazkoagaz alderatuta aurrekontua %30 bajatu da Bildu gogoratu moduan, azken hamar urtetako aurrekontu bajuena aurkeztuz.  Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez, gastu sozio-kulturala mantendu gura izan dute.  Era berean, "dauden egitasmo eta ekimenak sendotzea eta abiatutakoak amaitzea"  dute helburu, egitasmo berrietan sartu gabe. Guzti horren haritik, 100 ekintzatik gora batzen dituen EBPN, hamabostean behin egingo litzakeen aqzoka eta Durangoko udalagaz sinatu gura duten hitzarmena (igerilekuak eta bestelako kirol azpiegiturak gehiago ordaindu gabe erabiltzeko ituna) aipatu dituzte ekintza nagusi moduan. Gastu arrunta eta pertsonal gastua %7 bajatu da.

 

PSE-EEk "erantzukizun politikoa" nabarmendu du udal kontuaren aldeko botoa ematerako orduan: "Krisi egoeran ez da komenigarria aurrekontua luzatzea". Era berean, esan dute aurkeztu diren zuzenketa gehienek "ez diotela ekarpenik egiten herriari".

 

Alkatearen soldata

"Erantzukizun politikoa" arrazoitu du Bilduk ere bai, EAJren aurrekontu proposamena ez onartzeko, eta sozialistei zuzenduta azaldu du hainbat zuzenketa aurkeztu dituztela "herriarren eta herritarren onuran pentsatuz". Ildo horretan, "beharrezkoa" deritzoten hainbat  "premia"  ez direla jasotzen uste dute.

 

Bilduk alkatearen soldata jaistea eskatu du: horretarako 3.500 euro inguruko 14 ordainketa jasotzea proposatu du. "Gaur egun, hori baino 10.000 euro gehiagoko da alkatearen soldata". Horren aurrean, Totorikaguenak azaldu du 2008tik bere soldata izoztua dagoela eta 2010ean %6 bajatu zela zutela: "Hori bada aurrekontuan dagoenik eta txarrena ez goaz horren txarto. Eritzi kontu bat da soldata altua edo bajua den esatea". Bilduk, baina, herritarren soldaten batazbestekoa ikusita "neurri bakar batekin ez neurtzea" deritzo 4.000 eurotik gorako 14 ordainketa jasotzea alkateak. "Soldata izoztuta egon izanak ez du esan gura larregi ez denik".

 

Bideobigilantzia sistema baterako dirua eta zinegotzientzako asegururako atala kentzea ere eskatu ditu, alderdi politikoentzako dirua 267 eurotik 300era igo dela ere kritikatuaz.  Azken hori sozialisten eskaria izan da, eta, argitu dute, "gutxienekoa" dela eskatutakoa eta "lan egiteko dirua" dela: "dena den, beti egin leike uko hori hartzeari". Udalbiltzarako Bilduk diru atala sortzeko eskariaren kontra ere agertu da PSE-EE.

 

Bestelako "premiak" daudela dio Bilduk

Erralderi babseik ez ematea ere kritikatu du Bilduk: "Produzitzen duen %95 Bizkaian kontsumitzen da, eta tokiko baserritarrei, harategiei eta kontsumitzaileei babesa emateko modua da, Bertako kalitatezko haragia gura dugu".

 

Alkateak dio, baina, gaur egun ere, 2008an eskatutako baldintzak berak betetzea eskatzen dela: bideragarritasun plana, finantzazio sendoa eta gestio on bat. "Ezin dugu onartu egitasmoa udaletatik zintzilik egotea. Finantzazio sendo bat eskatzen dugu". PSE-EEk ere gogoratu guar izan dugu egitasmo horregaz ados egon dela beti: "Jaurlaritzak ere diru bat du horretarako lotuta. Baina, Osasun sailak itxi egin du, eta zeozer ez da ondo egin. Ez dira hasi eraikitzen, ez dut uste egitasmo planifikatu bat dutenik, eta, eduki dute denbora hiltegia martxan jartzeko".

 

Bilduk erantzun du, baina, babesa behar duela orain Erraldek: "Lursaila eskuratu dute, obra baimena badute, eta dirudienez, Jaurlaritzatik badagoz zenbait konpromiso". Egitasmoa landuta dagoela ere gogoratu dute: "Azpiegitura egokia ez zelako itxi zuen hiltegia Osasun sailak, eta hori konpontzeko bideratu da egitasmo berria".

 

Herriko presoen senideentzako diru-laguntzak bideratzeko atala ere eskatu du Bilduk: "Familia horiek baldintza bereziak pairatu bete behar dituzte, beraz, guk be neurri bereziak jarri beharko genituzke; bidegabeko egoera bizitakoei laguntzak eman behar zaizkie, sarrera ekonomiez aparte". PSE-EEk dio, berriz, laguntza beharrez gero, gainerako herritarrek jarraitutako bideak hartu beharko lituzkela, larrialdi sozialaren bitartez: "Dispertsioagaz amaitzeko neurriak hartu behar direla uste dugu, baina, ez dugu uste diru-atalik sortu behar denik". EAJren ustean ere bai, "euren familia eta gizarte gunetik gertu egon beharko lirateke presoak eta prest egongo ginateke laguntza bideratzeko, baina, besteek bete beharreko baldintzak beteaz".

 

PP ere kontra

Aurreontu proposamenaren kontra bozkatu du PPk ere, "neurrigabea" deritzo-eta "pertsiana igotzeko" sarreren %74 erabiltzea. Diotenez, "2. kapituluan egin zitekeen murrizketarik". Ildo horretan gaineratu dute: "Aurrekontua 2008tik hona %4 jaistea nabarmentzekoa da, bizi dugun egoera kontutan hartuta. Baina, 2012rako aurrekontua apur bat gehiago egokitzea ere bazegoen".

 

Horren aurrean, Totorikaguena alkateak gogoratu du gastu arruntetara doala diru guzti hori: "Pertsiana igotzeak guzti hori eskatzen du. Kultur elkarteentzako zein gizarte laguntzetarako dirua, ortu  ludikoetarakoa.. bideratutako diru batzen da hor. Lan garrantzitsua egin da sare sozio-kultural hori mantentzeko eta horri eutsi gura diogu".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!